VII. Outlet Azoka egingo dute larunbatean eta igandean Azkoitiko Elkargunean

Ana Abarisketa 2016ko otsailaren 18a

Asteburuan zehar VII. Outlet Azoka izango da Elkargunean. Hamar saltokik parte hartuko dute, eremu ezberdinetakoak.

Joan den urtean ere otsailean egin zuten Azkoitiko Outleta. (N.Uranga) Biltegietan gordeta dituzten produktuak berreskuratu, eta VII. Outlet Azoka prestatu dute Herrixen Merkatari Elkarteko hainbat dendarik astebururako. Pilatutako materiala saltzea, eta bezeroei "modu onean" dauden produktuak astebukaeran eskaintzea da Herrixenek lortu nahi duena. "Erosketa onak egiteko aukera eman nahi diegu herritarrei; dendariei, berriz, urtean saldu ez duten materiala ateratzea", esan du Sara Rodriguez Herrixeneko teknikariak. Azokaren ordutegia honakoa izango da: larunbatean, 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 20:00etara; eta igandean, goizez, 10:00etatik 14:30era. Sarrera doan izango da. Ohi bezala, hiru eta hamar urte bitarteko umeentzat zaintza zerbitzua eskainiko du Herrixenek Elkarguneko Oteiza aretoan: larunbatean, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta, igandean, 10:00etatik 13:00etara. Bi begirale arduratuko dira haurrak zaintzeaz tarte horretan.

Hamar denda azokan

Herriko hamar dendak parte hartuko dute: Aingeru, Andueza, Arantxa, Idurre, Karan, Lirain, Maina, Munibe, Soul eta Yoko Kirolak. Gehientsuenak arropa dendak badira ere, kirol, osagarriak, lora denda, estetika edota mertzeria ere badaude. Urtez urte azokan parte hartzen duten saltokiak berdintsuak izaten dira, kirol denda berri bat estreinatuko da aurten, halere. Hasierako urteekin alderatuz —hemezortzi izatera iritsi ziren—, behera egin du denden parte hartze kopuruak: "Kosta egiten zaie produktuak Elkargunera eramatea, baina ohikoena da datu oso onak izatea, asko saltzen dute, eta balorazioa positiboa izaten da ondoren". Mila Beristain Soul arropa dendako merkatariak hasieratik parte hartzen du azokan: "Emaitza onak lortzen ditut, galdutako dirua da biltegian pilatzen dena, eta hori saltzea oso ona da guretzat". Beristainek "denetik" emango du Elkargunera: Neguko eta udako arropak, oinetakoak, poltsak... Ostiralean eramango du Souleko dendariak materiala Elkargunera, eta larunbat goizean aterako du guztia saltzera. Saltoki batzuk, dena den, produktuak pixkanaka ateratzen joatea nahiago izaten dute, dosifikatzeko. Eguraldiak lagunduz gero, puzgarriak jarriko ditu udalak aurreneko aldiz Elkargunearen atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide