Elkarguneko aretoari zer erabilera eman aztertzeko bilera deitu dute gaur

Ana Abarisketa 2016ko otsailaren 17a

Herritar talde batek deitu du bilera, Elkarguneko areto nagusiaz eztabaidatzeko. Batzarra gaur da, 19:00etan, Elkargunean. Oraindik orain ez dago ezer zehaztuta.

Elkarguneko areto nagusiari aurrerantzean zer erabilera eman eztabaidatzeko bilera deitu du herritar talde batek. Batzar irekia gaur izango da, Elkargunean bertan, 19:00etan, eta herritar oro gonbidatu nahi dute hitzordura. Duela bi aste inauguratu zuen udalak ikus-entzunezko ekipamendu berria Elkarguneko areto handian. Orain, herritar talde batek deitutako batzarraren helburua da herriko ahalik talde edota norbanako gehienek parte hartzea, aurrerantzean guneak izan ditzazkeen erabilerak eztabaidatzeko denen artean. Antolatzaileek printzipioz ez dute nahi bilera kultur mugimenduetara soilik mugatu, eta arlo guztietako eragileei luzatu die gonbidapena. "Herrian espazio berri bat eraikitzeko interesa duen orok parte hartzea nahi dugu", jakinarazi du Julen Garate bileraren antolatzaileetako batek. Oraindik orain, hasierako fasean dute aretorako proiektua, eta ez dago ezer zehaztuta. Etorkizunean, eta proiektua gorpuzten joango balitz, udalarekin jarriko lirateke harremanetan, proiektuaz hitz egiteko. Ahalik eta herritar gehienek parte hartuko luketen proiektua izatea nahi dute. "Elkargunean bertan entseatzen duten musika taldeei ere agertzeko eskatu diegu", esan du. Bere ustez, herriko taldeei ateak irekitzeko ere balio beharko luke Elkarguneko proiektuak. Azkoitian badira kultur mugimendua aberasten duten espazioak: Matadeixe, plaza edota Baztartxo dira, beharbada, esanguratsuenak. Elkarguneak, halere, gune horiek betetzen ez dituzten zerbitzuak eskaintzeko gaitasuna izan dezakeela uste du Garatek: "Matadeixek eskaintza zabal eta aberatsa du, baina neguan hotz gelditzen dela uste dut; Baztartxo, berriz, zenbait ikuskizunetarako handiegia da".

Parte-hartzea, ezinbestean

Ezpazio anitz bat sortzeko herritarren parte-hartzea nahitaezkotzat jo du Garatek: "Elgetako Kafe Antzokia eredugarria iruditzen zait. Hasieran herritarrek kudeatzen zuten, eta denborarekin indarrak ahultzen joan ziren. Kanpoko talde batek hartu zuen kudeaketa bere gain gero, eta ordutik ez da gauza bera". Azkoitiko Elkarguneko areto nagusiak Kafe Antzoki izaera hartuko duen ala ez, herritarren "nahiak" eta "gogoak" erabakiko duela dio, udalaren babesarekin, beti ere. Oraingoz orain, gaurko bileran hasiko dute eztabaida.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide