Ostegun arratsaldez aurkeztu zuten zalduntxoen jantzia Umore Ona elkartean. (Ana Abarisketa)
Zalduntxoen konpainia batuko da aurten Azkoitiko umeen danborradara. Apirilaren 2an egingo dute da, arratsaldez, eta lau konpainia eta zortzi taldek parte hartuko dute; horietatik bat zalduntxoena izango da. "Herriarekin lotura handia dute zalduntxoek, eta horregatik aukeratu genuen jantzia", azaldu zuen Lia Ariño udal teknikariak Umore Ona elkartean egindako agerraldian. Udal teknikari eta zinegotziez gain, Umore Ona elkarteko kideek eta boluntarioek parte hartu zuten bertan.
Ane Larrañaga azkoitiarrak diseinatu du jantzia, baita iazko pilotariena ere. "Jantzi grisak eta granateak egin ditugu, barrikak eta danborrak banatzeko", azaldu zuen Larrañagak. Diseinu grafikoa du gustuko hark, baina jantzigintza eta patroigintza industrialeko ikasketak ere baditu.
Jantzia sortzeko herriko txistularietan inspiratu dela dio sortzaile gazteak, "zalduntxo jantzien informazio nahikoa ez" zuelako. Koloreei dagokienez, granatea eta urdina gustatu zitzaizkien hasieran, baina pilotarienak antzekoak izanda, grisa eta granatea aukeratu zituzten gero.
40 urte pasa dituzte umeen danborradako jantziek, eta pixkanaka eraberritzea erabaki zuten orain bi urte. Horretarako, udalaren eta Umore Ona elkarteko kideen artean taldea sortu zuten iaz, jantziak "zaharkituta" zeudela jakitun, berritzen joateko. Hala, pilotariz jantzita atera zen gaztetxoen konpainia bat iaz, jantzi gorri eta urdinekin. Aurten 50 zalduntxo batuko zaizkie horiei. "Guztira 60 jantzi berri egin ditugu, eta horietatik 50 aterako dira danborradan", jakinarazi zuen Lia Ariñok.
Jantzien inguruko irizpideak argi dituzte Umore Onako kideek: «Saiatu gara talde mistoak egiten, eta aurrera begira horixe da gure apustua», azaldu zuen Iñaki Huertak. Datorren urtera begira, abarketarien jantzia sortzea aurreikusten dute.
Izen-ematea, zabalik
Izen-emateak irekita daude dagoeneko Xabier Munibe Ikastolan eta Floreaga Ikastetxean, eta bi astez egongo da aukera. 6 urtetik hasi eta 13 urte arteko gaztetxoek parte hartzen dute danborradan, nahiz eta 4 urtekoak sukaldariz jantzita ateratzen diren bertan.
Haurren danborradako entseguak martxoaren 7an hasiko dituzte; ordutik aurrera astelehen, asteazken eta ostegunetan entseatuko dute, 19:00etatik 20:00etara, Gurea pilotalekuan.
250 ume baino gehiagok parte hartzea aurreikusten dute antolatzaileek. Duela hiru urte egin zuten Umore Onakoek data aldatzeko apustua. Ordura arte Aberri Egunean astintzen zuten danborra gaztetxoek, baina parte-hartzaile kopurua beheraka zihoan urtez urte. Asmatu zuten elkarteko kide berriek, eta goraka doa gaztetxo kopurua ordutik.