'Declaracion de Guillermo' antzezlana aurkeztuko du Jose Kruz Gurrutxagak larunbatean

Ana Abarisketa 2016ko otsailaren 10a

Bernardo Atxagaren eleberrian oinarritzen da Jose Kruz Gurrutxagak oholtzarako moldatu duen antzezlana. Azkoitiko Elkargunean aurkeztuko du larunbatean bere bakarkako lana.

Jose Kruz Gurrutxaga aktorea eta Sonia Vazquez zinegotzia. (Ana Abarisketa) Jose Kruz Gurrutxaga aktoreak Bernardo Atxagaren Declaracion de Guillermo eleberrian oinarritutako antzezlana aurkeztuko du larunbatean, Azkoitiko Elkargunean. Saioa 22:00etan hasiko da, eta bost euroko sarrera izango du. Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zuen obra, urriaren 27an, eta, etzi hasiko du bira, bere jaioterrian. "Plazerra da niretzat bira Azkoitian hastea", esan du gaur Gurrutxagak, Sonia Vazquez Kultura zinegotziarekin eskainitako agerraldian. Bernardo Atxagaren testua du oinarri antzezlanak. Azaldu zuenez, "egokitzapen txiki batzuk" besterik ez dizkio egin aktoreak jatorrizko bertsioari. Bernardo Atxaga larunbatean Elkargunean izango dela ere aurreratu du aktoreak, antzerkia ikusten: "Arriagara ezin izan zuen joan, eta Azkoitira etorriko dela esan dit".

Gaztelaniaz, "ezinbestean"

Declaracion de Guillermo obrak Guillermo eta Peperen istorioa du oinarri, 60. hamarkadako etorkin andaluziarrak dira biak. Bilbo ondoko herri batean hasiko dute bizitza berri bat, fabrikan lanean. Aktoreak azaldu zuenez, gaztelaniaz da antzezlana, "ezinbestean": "Obra ikustera etortzen denak berehala ulertuko du zergatik diodan ezinbestean dela gazteleraz". Guillermoren begietatik kontatuko du istorioa Gurrutxagak. Duela hamabost urte irakurri zuen eleberria. Urteak aurrera egin ahala, oholtza gainean lortutako esperientziari esker jakin du aktoreak eleberria antzezteko ordua iritsi zaiola.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide