Herriko gune ezberdinak galbitu zituzten pasa den astean. (Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Udalak herriko hainbat guneetako espaloiak garbitu ditu, 2.000 metro koadro guztira. Kalean ez labaintzeko tratatu dituzte hainbat kale, irrist egiteko arriskua eta erorketak saihesteko. Herritarren partetik kexak jaso dituztela azaldu dio Hitzari Miguel Angel Bastida Hirigintza zinegotziak. Alegia, Ibaiondo, Aingeru, Trino Uria eta Julio Urkixo kaleetako espaloiak landu zituzten pasa den astean, baita eliz ataria eta Iturri edota Errexil taberna inguruak ere.
Aurrerantzean gainerako espaloiak garbitzen jarraitzeko asmoa du udalak. Datak ezin dituzte zehaztu momentuz, "pixkanaka" joango direlako egiten. "Azken urteetan ez zaio kasurik egin kaleen garbiketari, eta uste dugu egin beharreko lana zela", iritzi dio Hirigintza zinegotziak.
2015eko partidatik
Azkoitiko Udalak urteko azken batzarrean onartu zituen 2016ko aurrekontuak, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin. Udal Gobernuaren erabakia izan da argiztapena hobetzeko, kaleak eta espaloiak txukuntzeko eta baserri bideak konpontzeko bideratzea zati handi bat. Azken txukuntze lanak, hala ere, ez dira 2016ko aurrekontuetatik bideratu, 2015eko partida batetik baizik. "Aurtengo aurrekontuetan kaleak konpontzeko lanak egitea onartu dugu, eta pasa den astean garbiketa lanak egin genituen". Garbitze lanetan 24.000 euroko aurrekontua erabili dute.
Azken batzarrean onartutako aurrekontuak martxan jartzen hasi dira dagoeneko. Aurreneko fasean daude momentuz, hau da, lanen aurrekontuak eskatu dizkiete enpresa desberdinei, behin lanak banatu ostean martxan hasteko. Lanen lehentasunaz galdetuta, enpresen erantzunaren arabera banatuko dituztela azaldu du Bastidak: "Argiteria, baserri bideak eta espaloiak berritzen lehenbailehen hasi nahi dugu, baina aurretik txosten teknikoak, juridikoak eta ekonomikoak behar ditugu, gero lanean hasteko".
Auzoz auzo egindako garbiketa lanen planoa eta metro koadro kopurua. (Hitza)