Unai Mujika (Atxola): "Etxeetara iritsi nahi dut usain-belar, barazki eta landareekin"

Ana Abarisketa 2016ko urtarrilaren 21a

Duela urtebete hasi zen Unai Mujika Atxola nekazaritza proiektua martxan jartzen eta jaso ditu dagoeneko fruituak: Urkome saria jaso zuen sanandresetan.

Unai Mujika, baratzean. (Ana Abarisketa) Hasierak ez dira errazak izaten ekintzailearentzat. Adorez eta ilusioz lortzen dute, ordea, poliki-poliki aurrera egitea. Unai Mujikak (Azkoitia, 1982) ondo daki ilusioen alde borrokatzea zer den. Duela urtebete inguru jarri zuen abian Atxola proiektua. Loiola etorbideko Ormaetxea baserriko lurrak lantzen hasi zen, hamaika esparru ukituz. Han pasatzen ditu eguneko ordu gehientsuenak, nekazaritza ekologikoa baitu gustuko. Zer lantzen duzu Atxolan? Nekazaritzari lotutako mintegi bat prestatu dut Ormaetxea baserriko lurretan. Sendabelarrak, sukaldaritzako belarrak, usain belarrak, barazkiak, fruitu arbolak eta loreak ditut han. Zer produktu dituzu orain? Ezkai bilduma handia dut, baita erromeroa, albahaka eta menda mota asko ere. Zaingorri usaindun asko ekarri ditut, baratzan erabiltzeko. Lorezaintzarako ekartzen ditudan landare asko, baratzean erabiltzeko dira. Baratzeak garbi-garbi izateko ohitura dugu hemen, baina ahultzea besterik ez dugu lortzen horrela. Zeintzuk dira akatsik handienak baratzeak lantzerakoan? Belarrak kentzen indarrak gastatu beharrean, lur hori beste belar batzuekin nahastuta aprobetxatu daiteke, baratzearentzat lagungarri eginez gainera. Tomatearen azpian albahakak sartu nituen iaz, adibidez, eta tomateak oso gustura egon dira. Albahakak zomorroak erregulatu ditu eta, usain ederra zabaldu dute, gainera. Barazkiak ere badituzu. Garaian garaiko produktuak ditut, ekologikoak. Orain, esaterako, porruak, letxugak, kukuluak, baratxuriak, ilarrak... ditut. Baratzeko produktuekin otarrak egiten hasi nahi dut laster. Bezero asko ez da iristen erosketak egitera ere eta dena supermerkatu handietatik erosten dute, denbora laburrean. Etxeetara iritsi nahi dut nire barazki, usain belar eta landareekin. Epe motzeko urratsa da, beraz, otarrak egitea. Denda jarriko dut aurki hemen, salmenta puntu bat, eta sasoiko produktuak eskainiko ditut. Baratzeko produktuez gain, ongarria, lurrak edota botika ekologikoak izan nahi ditut. Nekazaritza ekologikoaren barruan araudi ekologikoa betetzen duten produktu asko daude, eta nekazaritzan erabil daitezke. Pelitre landarea esaterako, intsektuen kontrako produktu natu- rala da, eta zomorroak gainetik kentzeko balio du. Neu ez naiz zalea, eta ez dut erabili, baina baserritar bati eman nion, eta oso gustura dago. Asun ura edo azeri buztana erabiltzen ditut nik baratzean. Duela urtebete jarri zenuen martxan zure egitasmoa. Mintegiko lurrak utzita zeuden, eta tokia asko gustatzen zitzaidan. Aurretik lorak lantzen zituzten, eta landutako lurra zen. Fraisoron ikasi zenuen. Esperientzia polita izan al zen? Duela hiru urte erabaki nuen ordura arteko lana utzi, eta lanbidez aldatzea. Tornularia nintzen eta leihotik begira egoten nintzen beti, udaberrian batik bat. Jakin-minez eta neure ekimenez erabaki nuen dena utzi eta nekazaritza ekologikoan hastea. Nafarroako Josenean egin nituen praktikak gero. Sendabelarren inguruan iritzi asko daude. Legediak ere oztopo dezente jartzen ditu, espezie batzuen erabilera debekatuta dago. Merkaturatzea ez da erraza izango, ezta? Mafia izugarria dago. Gutxi batzuen artean mugitzen dute industria osoa, eta ez zaie komeni zenbait belarren erabilera sustatzea, belarrak merkeak dira eta. Farmazia industriak dio azkerketa zehatzak egiten dituela pilula dosien gainean, baina belar baten dosi zehatza lortzea ezinezkoa dela dio. Belarrek izugarrizko propietateak dituzte, ordea. Oso erraza da egunean behin menda infusio bat edatea, katarroak saihesteko. Ukenduak atera berri dituzu. Landareekin egindakoak dira. Horietako bat Masai Lasai da: kalamua olioa, erromeroa, arnika eta izpilikuz egina dago. Bizkarreko minarentzat oso ona da, jende askok eskatu dit, merkaturatzerakoan ezin dut, ordea, bizkarreko mina saihesteko dela adierazi. Horretarako filtro mordoa pasatu behar da, eta handiek bakarrik egin dezakete hori. Zein da zuretzat sendabelarrik onena? Kalamua oso ona da, asko ikertu da, gainera. Gustatuko litzaidake, halere, beste landare batzuk ere ikertzea. Ziur nago ezusteko polit asko jasoko genituzkeela. Urkome saria jaso zenuen San Andres egunean. Etxola proiektua aurkeztu nuen,  egin nahi dudana azalduz. Berbena belarra ere aipatzen nuen proiektuan; badelako garaia landare hori baloratzen hasteko. Etorkizunera begira, zeintzuk dira zure asmoak? Landareak bertan eraldatu nahi ditut, eta nekazari-industria ekologikoa sortu. Horretan ari gara, eta halaxe jarraituko dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide