Nekane LarraƱaga zinegotzia eta Jasone Bilbao Euskara teknikaria. (Azkoitiko Udala)
Pasa den astean aurkeztu zuten Donostiako San Telmo museoan Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta hiriburuek euskara sustatzeko sortutako irudi berria: txantxangorria. Azkoitiko Udalak ere bat egin du ekimenarekin, eta txantxangorriaren irudia zabaltzen saiatuko da eraikin publikoetan eta udaletxean bertan, irudia zintzilikatuz. Aurrerantzean, beraz, hainbat tokitan ikusiko da txantxangorria.
Hizkuntza zigilua sortu eta zabaltzearen helburua da "euskaldunak aktibatzea, eremu publikoetan euskararen erabilera zabaltzea eta erabiltzaileak gure hizkuntza indartzera animatzea".
Euskara, "naturaltasunez"
Udalak prentsa oharrez jakinarazi duenez, "helburu nagusia da herritarrei jakinaraztea irudiaren bidez erabiltzen duten administrazioek gonbidapena egiten dietela euskara normaltasunez erabiltzera".
Administrazio publikoek, HAKOBA Hizkuntza Politika gaietarako Herri Administrazioen Koordinazio Batzordearen bidez, sortu dute hizkuntza zigilua, herritarrak euskara naturaltasunez erabiltzera gonbidatuz administrazioarekin dituzten harremanetan.
Jaurlaritzaren esanetan datorren urtean ere jarraipena izango du kanpainak, eta esparru guztietara zabaltzea izango dute helburu.
Honako erakundeek osatzen dute HAKOBA: Eusko Jaurlaritza, HPS, HABE, IVAP, hiru foru aldundiak,hiru hiriburuak, EUDEL eta UEMA.