Lokal berria dute Caritasekoek

Ana Abarisketa 2016ko urtarrilaren 13a

Urte hasierarekin batera estreinatu du Caritasek lokal berria. Azkoitiko Bastarrikaldean dago kokatua, Baztartxo eta Gurea pilotalekuaren tartean. 300 metro koadroko lokala da, eta bitan banatuta dute: janari bankua batetik, eta, jantzitegia, bestetik. Urteak daramatza Azkoitiko Caritasek bi alor horiek jorratzen. Taldeko kideen hitzetan, "goraka doa" urtez urte erabiltzaile kopurua. Janari bankuan 109 lagun daude une honetan izena emanda, duela hiru aste ehun lagun. Elikagaiak jasotzeko baldintzak bete behar dituzte bankuaren erabiltzaileek; Caritasek aurretik erakunde publikoetatik bestelako laguntzak jasotzen dituzten aztertzen du. Janari banaketa astean lau egunetan egiten dute gaur egun; lokal berrira iritsi aurretik bitan banatzen zuten. Zerbitzua zabaltzearen arrazoia da beharrean daudenak kanpoan zain egon beharrik ez izatea. "Ez dugu nahi kanpoan zain daudenak hotza pasatzea edo euritan egotea, era berean, diskrezioa mantendu nahi dugu", diote. Erabiltzaile bakoitzak astean behin jasotzen du janaria. Poltsa bakoitzak lekak, esnea, atuna eta pasta edo arroza ditu; hiru astetik behin oliba olioa ere jasotzen dute. Urtean zehar Gipuzkoako Elikagai Bankuak egiten duen bilketa kanpainetan lortzen dute janari gehiena. Bergaran eta Oiartzunen dauden biltegietatik banatzen dute gero herrietara. Hiru astean behin Bergarara joaten dira azkoitiarrak janaria ekartzera. Horrez gain, herrian bertan ere biltzen dute, janari freskoa, batez ere: "Kontsumitzen dena baino gehiago batzen dugu Azkoitian, beraz, Bergarara eramaten ditugu soberakinak". Caritasen jantzitegiak orain arte bezala jarraituko du, herritarren ekarpenei esker arropa lortzen. Esperientziarekin ikasten joan direla diote, beraien helburua da jantzitegia erabiltzen duten herritarrak erakartzea: "Egoera onean dagoen arropa dugu hemen, eta jendeak modu onean lortu dezake, merke gainera".

Lo zakuak, mantak eta kanpin dendak errefuxatuentzat

Europa ekialdeko errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko materiala biltzen hasi dira Azkoitian, ostiral arratsaldea bitartean. Lo zakuak, mantak eta kanpin dendak jasoko dituzte ondoren kanpamenduetara eramateko. Materiala honako guneetan utzi daiteke: Xabier Munibe Ikastolako harreran, Maxixatzen herri aldizkariak Kultur Etxean duen bulegoan edo Zakela tabernan. Caritasen lokal zaharrean ere utzi daiteke materiala ostiralean, Iriarte Margolaria Kalean, 11:30etik 12:30era eta 18:00etatik 19:00etara. Azkoitiko Errefuxiatuak Ongi Etorri taldea eta Hotz Bergara taldea elkarlanean ari dira bilketa egiten.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide