EH Bilduk, Azkoitia baik eta Emakumeen Mahaiak hartu zuten parte agerraldian. (Ana Abarisketa)
Udal gobernuak Azkoitiko Udala berdintasun teknikaririk gabe utzi izana salatu zuten atzo arratsaldean EH Bilduk, Azkoitia Baik eta Emakumeen Mahaiak. Udal ezohiko batzarreren aurretik presazko agerraldia egin zuten udaletxean bertan. Idoia Uranga EH Bilduko bozeramaileak hartu zuen hitza gertatutakoa azaltzeko: "Gaurkoan salaketa bat egin nahi dugu. Azkoitiko Udalak, EAJ taldeak, udaletxeko lankide bat kalera bota du, berdintasun teknikaria, hain zuzen. Gabonak ate-joka ditugu, egun bereziak dira. Teknikari honek Gabonetako oporrak hartu baino bost minutu lehenago jakin du ez duela gehiago udalean lanean jarraituko. Alkatearen idazkariak ahoz esan dio gainera, eta ez idatziz. Guk gogor salatu nahi dugu egoera hau, bere eskubideak urratu dituztelako. Orain dela egun gutxi batzuk, Emakumeen Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean, EAJk ere parte hartu zuen ekitaldietan, eta ezin dugu ulertu nola egin diezaioketen aurre egoera honi berdintasun teknikaririk gabe. Emakundek ere garbi aldarrikatzen du berdintasun teknikariak behar direla bai nazioartean, baita Euskal Herrian ere. Aldi beran, ez dugu ulertzen beraien soldatak igo eta guztion artean ordaindu behar izatea".
Azkoitiko berdintasun teknikariak azken urteetan egindako lana goraipatu zuen EH Bilduk. Ildo beretik hitz egin zuen Emakumeen Mahaiak ere. Eli Larrañaga kideak azaldu zuenez, berdintasun teknikaria udaletxean lanean hasi aurretik osatu zuten Azkoitiko Emakumeen Mahaia eta "zailtasun handiak" izan dituzte ordutik aurrerapausoak emateko: "Baldintasun teknikaria etorri ostean ere, baliabide gutxirekin eta kostata ari ginen poliki-poliki aurrera egiten. Orain, eta berdintasun teknikaririk gabe, ez dakigu zein egoeratan gelditzen garen edota herriko berdintasun maila nola gelditzen den". Zentzu horretan, orain arte berdintasun arloak izan duen "martxarekin" jarraitzea eskatu zuen Emakumeen Mahaik.
Ezohiko batzarra
Agerraldiaren ostean ezohiko batzarra egin zuten udal taldeek. Batzarrean 2016ko aurrekontuak onartu zituzten EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk eta Azkoitia Baik kontra bozkatu zuten. Emakumeen Mahaiko kideak ere areto nagusian egon ziren.
EH Bilduk berdintasun teknikariaz galdetu zion alkateari eta honakoa erantzun zuen Javier Zubizarretak: "Gaur izendapen batekin amaitu da. Izendapen hori aurreko agintaldian egin zen, zehazki otsailaren 26tik 2015eko abenduaren 31ra. Azken data hori gerturatzen ari denez, horren berri eman diogu langileari, lege-dekretua ere prestatzen ari ginen. Garbi esan behar dugu, ez dugula inor kaleratu, kontratua amaitu egin zaio. Guk berdintasun aldetik ez dugu inolako atzerapenik egiteko asmorik eta partidak osatu egingo dira eta guk erabakiko dugu nola egin. Halere, komisioetan hitz egingo dugu eta azalpen guztiak emango ditugu".