Juan Luis Zabala (idazlea eta kazetaria): "Autokritika egin dut ‘Txistu eta biok’-en "

Ana Abarisketa 2015ko abe. 23a, 10:14

Juan Luis Zabala (Azkoitia, 1963) idazle eta ‘Berria’ egunkariko kazetariak irabazi du Kutxa Irun Hiria Saria ‘Txistu eta biok’ eleberriarekin. Nobelaz galdetu dio, hain justu, Hitzak.

Zertaz doa Txistu eta biok eleberria? Pertsonaia nagusia kazetaria da, Euskaldunon Egunkarian ibilitakoa eta, orain, Berria-ko Kultura sailean dabilena. Etxean txakur bat dauka eta txakurrari espondilitisa diagnostikatzen diotenean, horri buruz idazten hasten da. Idazteari gustua hartzen dio, eta pixkanaka beste kontu batzuei buruz hasten da idazten; kulturaz duen kezkaz, esaterako. Lehen oso kultur zalea zen, eta orain interesa galtzen ari da; era berean, bere kirol zaletasuna handituz doa. Beraz, zalantzan jartzen du kultura sailean edo kiroletan egon beharko lukeen. Horretan dela, hilotz bat aurkitzen du kalean eta nahi gabe eta uste gabe, polizia kontuetan sartzen da. Nahiko patetikoa da azken korapilo hau, baina pertsonaiaren ekarpenak gehituz osatzen da nobela. Umorea landu duzu? Irribarrea ateratzeko moduko eleberria da. Kultur munduko erreferentziak egiten ditu, eta nahiko umore leuna du. Protagonistak zuretik asko duela dirudi. Nire antzekoa da bai, askotan esaten dut disimulurik gabeko nire alter egoa dela. Bere datu biografiko asko nireak dira, bere kezkak nireak diren bezalaxe. Puztu egin dut dena, baina esango nuke autokritika egin dudala nobela honetan. Halere, gaur eta hemen bizi garen askoren kontuak agertzen dira. Nolakoa izan da sorkuntza prozesua? Nahiko inprobisatua izan da. Aurreko nobeletan, esaterako, gehiago pentsatu izan dut bukaeraz. Etxeko txakurrari espondilitisa detektatu ziotenean hasi nintzen nobela idazten. Gaitza degeneratiboa da, eta mina eragiten dio batzuetan. Hortik sortu zen nobelaren txinparta. Ez nekien ondo noraino eramango ninduen horrek, eta poliki-poliki joan da osatzen. Gero etorri da, beraz, Kutxa Irun Hiria sarietara aurkeztea. Sari hau utzita egon da urteetan. Idazten hasi nintzenean, 2012a izango zen, ez nekien berriro martxan jarriko ote zutenik ere. 2013ko abuztuan bukatu nuen lehenengo erredakzioa eta geroztik nobela orrazten ibili naiz. Duela hilabete batzuk zabaldu zuten deialdia, eta aukera ona zela pentsatu nuen. Egia esan, uste nuen nahiko nobela arraroa zela eta ez nuen angitaletxeetara bidaltzeko konfiantza handirik. Zaila ikusten nuen irabaztea. Nolako saria da? Dirutan 25.000 euro dira, eta beraiek arduratzen dira eleberria argitaratzeaz. Denera, 2.000 ale kaleratzen dituzte. Pozik nago, gaur egungo bizimoduarekin badakigu dirua irabaztea zenbat kostatzen den eta. Sariak sorkuntza lantzeko lasaitasuna emango dizu? Lehen sari bat irabazten nuenean gehiago pentsatzen nuen horretan, baina orain familia izanda zailagoa ikusten dut. Dena den, egia da lasaitasuna emango didala, izan ere, autonomo moduan itzultzaile hasteko asmoa dut. Transizio hori egiteko oso ondo etorriko zait diru sarrera. Eta agian, zergatik ez, literatura idazteko ere ondo etorriko zait.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide