Sonia Vazquez, Miguel Angel Bastida, Javier Zubizarreta, Ana Azkoitia eta Nekane Larrañaga, agerraldian. (Ana Abarisketa)
Azkoitiko udal gobernuak gaur goizean azaldu ditu 2016ko aurrekontuaren ildo nagusiak. Javier Zubizarreta alkateak azaldu duenez, EAJk "garbi" ditu urte berrirako lehentasunak: "Argiztapena hobetzea, kaleak eta espaloiak txukuntzea, baserri bideak konpontzea, suspertze ekonomikoan laguntzea eta integrazio politikak garatzea". Zubizarretak jakinarazi duenez, "udalak ez du azpiegiturei heldu beste erremediorik izan". Hala, "urgenteenak" diren inbertsioei eutsi behar izan die.
Alkatearekin batera parte hartu dute agerraldian, Ana Azkoitia Ogasun Barne Antolakuntza, Pertsonala, Kontratazioa, Sustapen Ekonomikoa eta Merkataritza zinegotziak, Miguel Angel Bastida Hirigintza , Landa Garapena eta Ingurumen zinegotziak, Sonia Vazquez Kultura, Kirola, Festak eta Gazteria zinegotziak eta Nekane Larrañaga Ongizatea, Berdintasuna, Integrazioa, Hezkuntza eta Euskara zinegotziak.
2016ra begira, Azkoitiko Udalak 13.545.273 euroko aurrekontu kontsolidatua izango du –Elkargunea, Azkoitia Lantzen, San Jose Egoitza eta udala hartzen ditu barne zenbateko honek–. Kopuru horretatik 13.237.000 euro dagozkio udalari, 2015ean baino 345.000 euro gehiago. Izan ere, 12.892.000 euroko aurrekontua izan zuen, iaz, EH Bilduren udal gobernuak.
Udal gobernua lau batzorde eta alkatetzak osatzen dute EAJk agintea berreskuratu zuenetik; hori hala izanda, partidak lekuz aldatu dituztela azaldu dute.
Ana Azkoitiak hartu du hitza agerraldian datozen inbertsioen berri emateko: "Partida berezia jasoko dute Iriarte Margolaria eta Ama Josefa kaleen berritze lanek, 70.000 eta 40.000 euro, hurrenez hurren». Guztira, 150.000 euroko partida zehaztu dute kaleak eta espaloiak "txukuntzeko".
Argiteriaren instalazioari dagokionez, Azkoitiak argiztapena honitzeko dituen 38 kutxak "erabat zaharkituta" daudela esan du Ogasun zinegotziak, eta, "ezinbestekoa" dela osorik berritzea. Aitortu du, halere, berritze lanak ez direla 2016an bukatuko, eta faseka egingo dutela. Udal gobernuak 100.000 euro aurreikusi ditu aurrekontuan horretarako.
Parke estaliaren proiektuari jarraipena ematea da hirigintzako beste proiektuetako bat. Udalak bi urtetan herriko parke guztiak homologatu nahi ditu, egungo legediari egokitzeko.
Aurrekontuen partida handi bat baserri bideak konpontzera bideratzea proposatu du udalak, 225.000 euro, zehazki. Miguel Angel Bastida Landa Garapen zinegotziak honakoa esan du: "Diputazioarekin harremanetan gaude, baserri bideen arazoari udaletxeek bakarrik erantzun ezin dietelako, arazoa oso gogorra da". Martirieta, Madariaga, Urrategi, Elosu, Kukuherri, Izarraitz eta Aizpurutxo dira Azkoitiko landa guneak. Beharraren arabera banatuko dituzte lanak.
Hezkuntza alorrean, hizkuntzen ikasketarako ez du partidarik jarriko udalak aurten. Azkoitiak azaldu duenez, «ekimenaren formatua eta funtzionamendua definitzeko daude oraindik». Alabaina,
Coworking gune berria kultur etxean jartzearen alde azaldu dira, "profesional autonomoei eta ekintzaileei laguntzeko, besteak beste". Proiektu pilotua dela azaldu du Azkoitiak; beraz, "kopuru xumea" jarriko dute momentuz.
Kultura sailak, iaz baino 67.445 euro gehiago jasoko ditu 2016an eta igoera hori antzerki programazioa "indartzera" bideratzeko asmoa erakutsi dute. Kirol eta kultur elkarteei ematen zaizkien diru-laguntzen kopurua ere "handitu" egingo dute, 34.000 euro gehiago, hain zuzen. Ongizate eta berdintasun sailetako partidak mantendu egingo dituzte.
6.250.250 euroko zorra
Azkoitiko Udalak 6.250.250 euroko zorra du, hiru mailegutan banatuta. Horietatik bi, 2009.urtekoak dira, bestea, urte hasieran eskatutakoa. 2016 urte bukaerarako, zorra 725.500 euro murriztea aurreikusten dute.
Euskarak, 22.500 gutxiago
EH Bilduk prentsa ohar bidez salatu zuen, besteak beste, euskara eta euskarazko taldeei dirulaguntzak %15 jaitsi izana, 22.500 euro. Euskara sailaren aurrekontuaz galdetuta, 157.755 eurotan finkatu du Nekane Larrañagak: "Moldaketa batzuk egin ditugu, eta euskara ikasteko bekak erabiltzen direnaren arabera moldatu ditugu. Hedabideei dagokionez, Maxixatzenen proiektua martxan jartzeko diru kopuru berezi bat jarri zen iaz, hitzarmen baten bidez. Hitzarmen hori abenduan bukatzen da eta urtarrilean likidazioa egingo da. Orduan ikusiko dugu urte berrira begira dituzten egitasmoak eta erabaki bat hartuko dugu".
Euskararako partidaren jaitsiera salatzeaz gain, beste hainbat puntutan azaldu du bere desadostasuna EH Bilduk: "Gazteen alokairu sozialak bultzatzeko diru-laguntzak %16 jaitsi nahi dituzte, eta, guk, 2015eko laguntzak mantentzea eskatu dugu. Bestalde, alokairu sozialak bultzatzeko diru-laguntzak %85 jasiteko asmoa dute. Jasitsiera %45a baino gehiago ez izatea proposatu dugu eta partida gastatzen bada, beste iturri batzuetatik hartzea proposatu dugu".
Udalak, datorren asteazkeneko ohiko batzarrean bozkatu eta onartuko ditu aurrekontuak. EAJk gehiengo osoa du.