Jesus Arrizabalaga teknikaria eta Sonia Vazquez zinegotzia. (Ana Abarisketa)
34 urte igaro dira aurreneko aldiz Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketa antolatu zutenetik Azkoitian. Atzo eman zituen udalak aurreneko hiruren izenak. Epaimahaiaren hitzetan, "garai batekoen aldean kalitate handikoak" dira gaur egun aurkezten diren lanak: "Euskara eta egitura aldetik ondo landuta daude".
Ainara Elizondoren
Zizeletik jaiotako loreak da aurreneko sariaren jabe. Epaimahaiaren iritziz, "gai interesgarria landu du, esker onekoa, oso ondo egituratu du lana", jakinarazi du Jesus Arrizabalaga kultura teknikariak. Elizondo Oiartzunen jaio zen duela 36 urte, eta Hondarribian bizi da egun. "Emakumeen papera goraipatzen du ipuinak, eta emakumeok dugun ikasteko aukeraz hitz egiten du. Protagonista gizonen itzalpean bizi da, eta hortik abiatzen da kontakizuna".
Elizondo duela hamabost urte hasi zen han hemengo ipuin lehiaketetan parte hartzen, "irakasle batek animatuta", eta ez da gelditu ordutik. "Duela bost urte bigarren saria jaso nuen Bizenta Mogel lehiaketan, beraz, oso gustura nago orain aurreneko saria lortu izanaz".
Bigarren saria Azkoitian gelditu da, iaz bezala. Maitane Alberdiren
Lur lanarentzat izan da, hain justu. "Lur eta Ikerren arteko adiskidetasuna lantzen du ipuinak", azaldu dio Hitzari azkoitiarrak. Epaimahaiaren ustetan, "bere laburrean oso ondo borobildutako" ipuina da. Alberdik parte hartzen duen lehen ipuin lehiaketa da hau. "Bat-bateko erabakia izan zen, ikusi nuen lehiaketa hasi zela, eta idaztera animatu nintzen".
Hirugarren saria Iraitz Legarrerentzat izan da. Markina-Xemeingoak
Lehoiaren orroa lanagatik jasoko du saria.
Guztira 29 lan aurkeztu dira aurten, iaz baino dozena erdi gehiago. 2016ra begira, udalak saritutako lanak berriro argitaratzen asteko asmoa duela azaldu du Sonia Vazquez zinegotziak. Ostiralean egingo dute sari banaketa, 19:30ean, udaletxean.