Beningo umeentzako janaria biltzeko kanpaina Gabonak artekoa da

Ana Abarisketa 2015eko abenduaren 16a

Juan Inazio Sudupe gustura dago asteburuan bildutakoarekin. Ostiralean eta larunbatean kalera aterako dira beste behin.

40 lagun inguruk parte hartu zuten pasa den asteburuko kanpainan. (Hitza) Beningo umeentzat janaria lortzeko kanpaina jarri zuen martxan pasa den ostiralean Gazteria eta Garapena gobernuz kanpoko erakundeak Floreaga Ikastetxearekin elkarlanean. Kanpainaren helburua da janariz betetako kontainerrak Beninera bidaltzea. Herriko hainbat merkatari gune eta janari dendetako sarreran jarri ziren begirale eta ikasleak pasa den ostiralean eta larunbatean. Guztira, 40 bat boluntario aritu ziren janaria biltzen eta herritarrei azalpenak ematen. "Ostirala nahiko geldirik pasatu genuen; larunbatean, berriz, jendea eskuzabal agertu zen", esan dio Hitzari Juan Inazio Sudupe Floreaga Ikastetxeko irakasleak eta Gazteria eta Garapeneko kideak. Ostiralean eta larunbatean jarraituko dute kanpainarekin: "16:00etatik aurrera egongo gara ostiralean eta hurrengo egunean goizez". Bildutako elikagaiak Urola Erdiko Mankomunitateak Azkoitiko industrialdean duen biltegira eramaten dituzte, han kontainerrak betetzeko. "Aurreko urteetan zortzi eta hamar tona inguru bidali izan ditugu, itsasoz, Beninera. Floreaga Ikastetxekoek 2008an jarri zuten martxan kanpaina lehen aldiz. Juanjo Gomez misiolari salestarrak urrian bisitatu zuen Benin azkeneko aldiz: "Hark esan zuen  egoerak txarrera egin duela Beninen. Beraz, inoiz baino gehiago behar dute gure laguntza hango gazteek eta herritar guztiek", jakinarazi du Sudupek. Gabon egun bezperan bukatuko dute janaria biltzeko kanpaina Azkoitian. Egitasmoaren sustatzaileek eskerrak eman nahi dizkie era batera edo bestera kanpainan kolaboratu duten herritar guztiei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide