Udazkeneko txapelketa jokatuta agurtu du urtea Txerloia Tenis Klubak

Ana Abarisketa 2015eko abenduaren 15a

Larunbatean jokatu ziren Txerloian Udazkeneko Txapelketaren hiru finalak. Txerloia Tenis Klubeko eskola 120 ikaslek osatzen dute. Urteko lorpenez "gustura" dago Ainhoa Peña zuzendaria.

Udazkeneko Tenis Txapelketako parte-hartzaileak, larunbatean, Txerloiako pistetan. (TXTENIS) Larunbatean jokatuko ziren Azkoitiko Txerloiko tenis pistetan Udazkeneko Tenis Txapelketako finalak. Guztira, hiru final jokatuko ziren: binakako lehian, Mikel Perez eta Ruben Lizarralde Joni Taborcia eta Iñaki Etxanizen kontra; banaka, ATG 100 mailan, Inko Mujika Hibai San Sebastianen aurka; eta banaka, ATG Quick mailan, Gorka Merino Lur Ibargutxi edo Mikel Unanueren aurka. ATG mailako final handian Mujika izan zen garaile, 4-6, 6-1 eta 6-2 irabazi ostean San Sebastiani. ATG Quick mailan, berriz, Merinok irabazi zion Ibargutxiri: 6-2, 3-6 eta 6-2. Azkenik, binakakoan, Perezek eta Lizarraldek irabazi zuten: 6-3, 4-6 eta 6-5.

120 ikasle tenis eskolan

Txerloia Tenis Klubeko eskola 120 ikaslek osatzen dute. 6 urtetik hasi eta 18 urte bitarteko ikasleak daude taldean. Emakumeez osatutako beste bi talde ere badituzte. "Saiatzen gara emakumeen artean teniserako zaletasuna bultzatzen", dio Ainhoa Peña klubeko zuzendariak eta monitoreak. Hiru irakasleren artean banatzen dituzte lanak eta emakumeak dira hirurak.

Urtea, gelditu gabe

Urteak askorako ematen du Txerloia Tenis Klubean. Uztailean, esaterako, emakumeentzako ikastaroa antolatzen dute: "Ikasturtean klubari lotuta jarraitzen dute parte-hartzaileek ger"», azaldu dio Hitzari Peñak. Hil berean, goizez, umeentzako ikastaroa ere antolatzen dute, 80 lagun inguru batuz Txerloiako hiru pistetan. Irailetik ekainera, berriz, ohiko ikasturtea mantentzen dute. Denera hiru txapelketa antolatzen dituzte, garrantzitsuena: Azkoitiko Open-a. "Umeek eta beteranoek parte hartzen dute; aurten, 103 jokalari izan ditugu". Martxoan hasi eta ekainera arte luzatzen da txapelketa. Udazkeneko Opena —larunbatean jokatu ziren finalak—, 14 urtetik gorakoentzat izaten da, eta edonork eman dezake izena afizionatu mailako txapelketa honetan. Azkenik, umeei zuzendutako Grand Slam-a prestatzen dute ekainean, egun bateko jaialdian. "Jendetza biltzen da Txerloian egun horretan", dio irribarretsu Peñak. Aurtengoak emandakoaz galdetuta, "oso gustura" daudela erantzun du Peñak: "Pixkanaka indarra hartzen ari gara". Igaro dira 20 urte Azkoitiko tenis taldeak ibilbidea hasi zuela. Aurtengo beste lorpenetako bat izan da berritzeko falta ziren bi pisten lanak bukatu izana. 2014an pistetako bat berritu zuten eta aurten gainerako beste biak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide