Gabonetako erakusleiho lehiaketa antolatu dute Azkoitian ere

Nerea Uranga 2015eko abenduaren 8a

Azkoitiko Udaleko Merkataritza Sailak eta Herrixen Azkoitiko dendarien elkarteak antolatu dute

Zarautzen, Zumaian eta Azpeitian bezalaxe Azkoitian ere Gabonekin lotuta erakusleiho lehiaketa antolatu dute. Aurten, gainera, irabazleak diru sari handiagoa jasoko du, hala Azkoitiko Udalak merkatariek herriaren alde egiten duten lana azpimarratu nahi izan du. XIX. Esparate Lehiaketa da Azkoitikoa, eta Azkoitiko Udaleko Merkataritza Sailak eta Herrixen Azkoitiko dendarien elkarteak antolatu dute. Irabazleak 800 euroko diru saria irabaziko du. Erakusleiho lehiaketan parte hartu nahi duten establezimenduek izena abenduaren 14rako eman beharko dute, honako tokiren batean: Azkoitiko udaletxeko herritarrentzako harrera bulegoan, Herrixen Azkoitiko dendarien elkartearen bulegoan (Kultur Etxeko laugarrengo solairuan) edo herrixen@hotmail.com helbidera idatzita. Erakusleihoetan kontuan hartuko dutena, berriz, honakoa izango da: erakusleihoaren aukezpena, salgaiak ahalik eta modu erakargarrienean aurkeztea eta Gabonetako giroa azaltzea. Epaimahaia udaleko Merkataritza Sailak eta Herrixen merkatarien elkarteak izendatutakoek osatuko dute. Erakusleihoek abenduaren 9tik datorren urteko urtarrilaren 6ra bitartean egon beharko dute apainduta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide