Igor Quindos: "Futbolarekin, bizitzan bezalaxe, egunero ikasten duzu zerbait"

Ana Abarisketa 2015eko abenduaren 8a

Igor Quindos Anaitasunako Ohorezko Mailako taldearen futbol entrenatzailea da

Igor Quindos Anaitasunako entrenatzailea (Ana Abarisketa). Uztailaren 13an hartu zuen Igor Quindosek (Azkoitia, 1978) Aitor Iturberen lekukoa Anaitasuna Ohorezko Mailako taldea entrenatzeko. Quindosekin batera batu ziren taldera Borja Rocha  —bigarren entrenatzailea— eta Xabier Artetxe —prestatzaile fisikoa—. Taldea «indartsu» ikusten du. Hain justu, Anaitasunaz eta bere ibilbideaz galdetu dio HITZAk. Erregionalen Ohorezko Maila denboraldiaren erdira iristear da. Nola ikusten duzu taldea? Denboraldiaren aurreneko zatia ona egin dugula uste dut. Hamahiru partida jokatu ditugu: zortzi irabaziz, hiru berdinduz eta bi galduz. Zenbaki oso onak ditugu, eta jendea gozatzen ari da futbolean. Entrenamenduei ere gogoz eusten diote jokalariek eta asteburuetako partidetan islatzen da hori, izan ere, bigarren gaude sailkapen orokorrean. Ligaren bigarren zatirako zein helburu dituzue? Goiz da oraindik helburu zehatzak finkatzeko. Denboraldi hasieran helburu bezala Txerloira ahalik eta zale gehien ekartzea jarri nuen, eta ilusioa sortzea Azkoitiko herriari. Horretan ari gara eta norabide hori jarraitzea da gure nahia. Martxoan sailkapeneko goiko postuetan jarraitzen badugu, —maiatzeko hirugarren astean bukatzen da liga— dudarik gabe Hirugarren Mailara igotzen saiatuko garela. Halere, ez diogu geure buruari Hirugarrenera igotzeko presiorik jarri behar. Asteroko lanarekin jarraitu behar dugu, futbolean gozatuz. Taldearekin gustura zaude? Oso gustura nago. Denak dira azkoitiarrak, baita talde teknikoa ere, eta hori antzeman egiten da egunerokotasunean. Zale aldetik nola ikusten duzu Anaitasuna? Anaitasunak betidanik bultzatu izan du jendea futbolera eta Azkoitiak beti izan du futbolerako zaletasuna. Egia da jende asko  datorrela Txerloira, hori taldeak transmititzen duenagatik da. Kanpoko partidetan ere zaleak gurekin egoten dira. Tolosan, esaterako, jendetza batu zen. Beraz, Anaitasunak ez du inolako kexarik zaleei dagokionean, eta asko eskertzen dugu hori. Taldea hartu zenuenetik garapenik ikusi al duzu? Talde berri batera iritsitakoan beti sortzen dira zalantzak. Zentzu horretan, denboraldia emaitza onekin hasi izanak asko lagundu digu orain dugun konfiantza lortzeko. Beraz, taldea hasten ari dela uste dut. Zeintzuk dira Anaitasunarentzat partidarik berezienak? Bere derbi izareagatik, Lagun Onak-en kontrako partidak dira berezienak. Hirugarren Mailan daude orain azpeitiarrak eta ez dugu, beraz, elkarren kontrako partidarik. Gainerakoan, sailkapenaren arabera aurkari zuzenak dituzun taldeen kontrako partidak izaten dira berezienak. Orain, Tolosa da horietako bat, aurreneko postuan daude sailkapenean. Gure kasuan, ziur naiz partidarik berezienak iristeko daudenak izango direla. Zein da Anaitasunaren ezaugarririk politena? Jokalariak eta afizioa, zalantzarik gabe. Elkarren oso gertu daude gainera, eta hori da Anaitasuna klubaren ezaugarririk handiena. Zer ematen dio Anaitasunak herriari? Futbolak, nahi edo ez nahi, poztasun handiak ematen ditu gaurko munduan. Aisia betetzeko balio du. Uste dut Anaitasuna eta Azkoitiko herria beti daudela bat eginda. Azkoitiak Anaitasunari ematen dion bezala, Anaitasuna ere bada herriaren ordezkari kanpoan jokatzen ditugun partidetan. Zeintzuk dira Anaitasuna futbol klubaren baloreak? Futbolaren inguruan talde asko mugitzen dira. Hamabi ditu klubak guztira, eta ume asko mugitzen dira talde horien bueltan. Zuzendaritza aldetik ondo egituratuta dago. Etorkizuna maila gazteenetatik datorren zerbait da, eta uste dut balore horiek Anaitasunak ondo zaintzen dituela. Ez da kasualitatea talde gorenean denak azkoitiarrak izatea eta sailkepenean bigarren postuan egotea. Hori lortzeko lan handia egin du Anaitasunak. Ibildide luzea daramazu futbolean. Jokatzen hasi zinen eta entrenatzaile ari zara orain. Zestoako taldea entrenatzen hasi nintzen. Jokalari bezala ere han pasatu nituen urte gehien, bederatzi denera; nahiz eta aurretik maila guztietan jokatu nuen Anaitasunan. 28 urterekin hasi nitzen Zestoa entrenatzen. Gero, Lagun Onak-eko jubenilak entrenatu nituen urtebetez, eta handik Idiazabalera joan nintzen, Zestoan bezala helduak entrenatzera. Denboraldi bat egin, eta Zumarragako Urola taldean pasatu nituen bi urte, taldea goiko mailara igotzea lortuz. Eibarko jubenilak beste urtebetez entrenatu nituen Ohorezko Mailan, eta handik Pasaiara joan nintzen, Hirugarren Mailara. Bi denboraldi eta gero, aurten, neure herriko taldean nago, ilusio handiarekin. Esperientzia handia hartzen joan zara, beraz. Esperientziari esker, futbola ikusteko modua ere aldatuz doa. Jokalarien eta entrenatzailearen arteko zubi lana bera aldatzen da. Eskarmentuak askorako balio du, egia da. Orain dela hamar urte entrenatzaile bezala neure buruarekin nuen konfiantza ere ez zen orain bezalakoa. Futbolarekin, bizitzan bezalaxe, egunero ikasten da zerbait. Entrenatzaile bezala gozatzen al duzu? Egia esan, entrenatzailea izateko asko gustatu behar zaizu futbola, denbora eskaini behar diozu eta. Baina asteburuetako partidetan asko gozatzen dut. Luzerako ikusten duzu zeure burua entrenatzaile? Gaztea naiz, baina bizitzak esango dit noiz arte jarraituko dudan mundu honetan. Orain indartsu nago entrenatzen segitzeko eta aurrera begira ikusiko dugu zer pasatzen den.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide