Euskararen Nazioarteko Eguna elkarlanean ospatu dute Azkoitian

Ana Abarisketa 2015eko abenduaren 3a

Ehundaka herritar batu dira eguerdian Azkoitiko plazan. (Ana Abarisketa) Ehundaka lagun batu dira gaur eguerdian, Euskararen Nazioareko Eguna, herriko plazan. Kalejiran ibili dira eta bertsoak kantatu dituzte elkarlanean. Horretaz gain, Xabier Munibeko eta Floreagako ikasleek egun osoko egitaraua izan dute. Eguerdiko hamabietan, Javier Zubizarreta alkateak adierazpen instituzionala irakurri du udaletxeko balkoitik. Aurretik, pankarta zabaldu zuten gazteek: Azkoitian euskarak 365 egun geu izateko euskararen herrian. Hona hemen alkateak irakurritako adierazpen instituzionala: "Euskara, herritar guztion hizkuntza da, euskarak guztiok batu eta aberasten gaituen hizkuntza behar du. Azkoitiko Udalak euskararen inguruan, adierazpen honen adostasun osoan oinarriturik, herritar eleaniztunak lortzeko pausoak egin nahi ditu. Aurrerapauso garrantzitsuak egin dira euskararen normalizazio eta biziberritze bidean. Azken urte hauetan, euskarak hazkunde prozesua izan du, eta, neurri handian, biziberritu egin da. Hiru izan dira prozesu horren zutabe nagusiak: herritar askoren engaiamendua euskararekiko, hezkuntza eta helduen euskalduntzea. Azken hamarkada hauetan, milaka eta milaka izan dira heldutan euskara ikastea erabaki duten herritarrak, eta  milaka, baita ere,  euskararen aldeko hautua eginez, euskararik jakin edo jakin ez, euren seme-alabentzat euskarazko irakaskuntzaren aukera egin dutenak. Azkoitiko Udalak 2015eko abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunean, euskarara hurbiltzeko hautua egin duten pertsonei aitormena egin nahi die, euskararenganako erakutsi duten atxikimendua eta hizkuntza hori ikasteko egin duten ahaleginagatik. Euskararen biziberritze prozesua elikatu duten eta elikatzen segitzen duten pertsona horiek, eta haien guztien gogoa, kemena eta ahalegina aitortu eta omendu nahi ditugu. Azkoitiko Udalak berretsi nahi du herritar eleanitzak lortzeko helburua, uste baitu eleaniztasunak eragin ona duela gure gizartearentzat, bizikidetza demokratikoari eta gizarte-kohesioari begira. Bide beretik, Udalak erraztasunak bilatuko ditu euskararen ezagumendua helarazteko ikasi nahi duten guztiei. Halaber, Udalak konpromisoa hartzen du euskararen erabileran normalizazioan urrats sendoak ematen jarraitzeko. Aurrera begira, erabilera baita gakoa eta Udalak hitzematen du aukera berriak irekiko dituela euskara erabiltzeko, eta horretarako, errespetatuko dituela hiztun guztien hizkuntza-eskubideak eta euskararekin bat egiteko askatasuna. Erakundeei eta herritarrei dei egiten diegu elkarrekin aurrera segitzeko. Euskararen aldeko egoeran euskara da, beste ezer baino lehen, hizkuntza garaikidea, berritzailea eta gaurkotua, gure gizarteak erabiltzen eta sustatzen jarraitu nahi duena. Udalak dei egiten die euskal herritar guztiei parte har dezaten bertan eta nazioartean euskara sustatzearen alden abenduaren hiruan antolatzen diren ekitaldietan".

AEK-ko "beteranoen" manifestua

Azkoitiko AEK-ko "beteranoak" ere batu dira Euskararen Nazioarteko Egunera, eta "euskaraz bizi nahi" dutela ozen esateko manifestua idatzi dute. Hona hemen mezua: Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, idazlana egitea proposatu digu irakasleak. Geure buruari galdera ugari egin eta gaiaz luze hitz egin ondoren, iritzi ezberdinak ditugula ohartu gara. Batzuen ustez, “euskaldunberri/euskaldunzahar” etiketak kendu egin behar dira. Taldean dugun euskaldun berri batek aldiz, harro dagoela eta etiketa hori mantendu nahi duela dio. “Baina, noiz arte izango zara euskaldun berria?” Galdetu dio ikaskide batek. “Betiko!” erantzun du harro. Iritziak iritzi, garbi dagoena da meriturik ez diegula kentzen euskaldun berriei. Are gehiago, beharrik izan ez arren, ikasi izana beti eskertuko diegu. Honen harira, nola sentiarazi diezaiokegu, ez dakien horri, ikasteko beharra? Hasteko, geuk euskaldunok lehen hitza euskaraz eginda, noski. Honez gain, haurrek eredu euskaldunean ikasteak ere asko laguntzen du; izan ere, aitona-amona asko, berandu bada ere, ikasteko behar horretaz ohartzen dira. Esan beharra dago ordea, ikasi nahi duenak ez daukala oso erraza: baliabide gutxi daude, ordaindu beharra dago… Kontuak kontu, gu oso gustura joaten gara euskaltegira. Elkarri lagunduz asko ikasten ari gara: azterketak prestatzen, alfabetatzen, euskaldun zaharrak birziklatzen, euskaldun berriak geure maila hobetzen… Azken finean, esan dezakegu Euskarak lagunak eman dizkigula eta beraz, edonor animatuko genuke euskarara eta euskaltegira hurbiltzera. Eta ez ahaztu: Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide