Aurrekontu parte-hartzaileak eskatzeko agerraldia egin zuen EH Bilduk, Azkoitian. (Ana Abarisketa)
Datorren urteko aurrekontuak osatzerakoan, "jarrera irekia" izateko eskatu dio EH Bilduk Azkoitiko Udal Gobernuari. Asteazken arratsaldean prentsaurrekoa eman zuen koalizioak, eta "adostasunak biltzeko" jarrera izatea eskatu zion EAJri koalizioak.
"Aurrekontuak zehazteko jarrera irekia izan dezaten eskatzen diogu", esan zuen Idoia Uranga EH Bilduko bozeramaileak. Era berean, honakoa gehitu zuten: "Bai eragile eta baita herritarrekin ere adostu ditzatela aurrekontuak, azken urteetan bezala herritarren beharretara egokitutako aurrekontuak izan daitezen. Denon herrixen prozesuarekin jarraitzeko gonbitea luzatu nahi diegu, eta, bide batez, EH Bilduk aurrekontuetan adostasunak bilatzeko borondatea erakutsi nahi die herritarrei".
Bi zinegotziak, kargua hartuta
Iraitz Otañok eta Jon Ander Larramendik parte hartu zuten prentsaurrekoan. Pasa den astelehenean hartu zuten zinegotzi kargua biek, udaletxean egindako ezohiko batzarrean.