Euskalerriaren Adiskideen lehen akta liburua erosi du aldundiak

Ana Abarisketa 2015eko azaroaren 25a

Juan Bautista Mendizabal eta Markel Olano, atzo, Insaustiko agerraldian. (Aldundia) "Gaurkoa egun handia da etxe honentzat", hala hasi zuen hitzaldia atzo Juan Baustista Mendizabal Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko lehendakariak. Iaz hasi zen elkartea 250. urteurrena ospatzen, eta hala jarraitzen dute oraindik orain. Urtea bukatu aurretik, elkartearentzat berebiziko garrantzia duen dokumentua erosi du Gipuzkoako Foru Aldundiak: Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Lehen Akta Liburua. Insausti jauregian egin zuten atzo goizean agerraldia elkarteko kideek eta erakunde publikoetako ordezkariek. Bertan izan ziren, hala nola, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Azkoitiko eta Azpeitiko alkateak. Lehen akta liburua duela 250 urte sortu zen. (Aldundia) Elkartearen lehen akta liburua originala da, eta 1764ko abenduaren 24an Azkoitian bertan egindako prestakuntza-batzarraren aktak ematen dio hasiera, hor kokatzen da elkartearen sorrera, hain justu. Datozen orrietan jasotzen da 1765eko otsailaren 6tik 14ra Bergaran egindako lehen batzarraren akta originala; akta guztiak daude bertaratuek sinatuta, Peñafloridako kondea buru zela. Aurrerantzean, Gipuzkoako Artxibo Orokorrarren —Gipuzkoako Foru Aldundiaren artxibo historikoa— funtsen parte izango da liburua, eta Tolosan egongo da ikusgai. Erakunde publikoen eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen xedea izan da, liburua jabego pribatuan ez erortzea. Elkarteak ez du akta liburua erosteko ahalmenik, beraz diputazioak erosi du.

Kontseilua, Insaustin

Agerraldiaren aurretik, Diputatuen Kontseilua egin zuten ordezkariek. Markel Olanok jakinarazi zuen aurrerantzean beraien asmoa dela kontseiluak Gipuzkoako herri desberdinetan egitea, noizbehinka bada ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide