Yeray Varelak eta Lurdes Oiartzabalek irabazi dute Azkoitiko XI. Herri Lasterketa

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko aza. 21a, 19:12

Yeray Valera oñatiarrak eta Leire Oiartzabal lezoarrak irabazi dute Azkoitiko XI. Herri Lasterketa. Gizonezkoen mailan, Mikel Ozaeta durangarra eta Asier Fernandez azkoitiarra izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Emakumeetan, berriz, Maialen Muñoz ibarrarra eta Itziar Andueza beasaindarra helmugaratu dira Oiartzabalen ostean. Denera, 348 korrikalarik bukatu dute gaurko, larunbateko, proba. 31 minutu eta 12 segundoan egin ditu lasterketako 10 kilometroak Varela irabazleak, eta 54 segundoko abantaila atera dio bigarrenari. Oiartzabal 37 minutu eta 32 segundoan heldu da bukaera puntura, bigarren lasterkaria baino 2 minutu eta 27 segundo arinago.

Bi herritar lehen hamarretan

Lehen hamarretan sailkatu dira bi herritar XI. herri lasterketan. Asier Fernandez izan da lehen azkoitiarra gizonezkoetan. Hirugarren postua lortu du Fernandezek, 32 minutu eta 31 segundoko denborarekin. Jon Garate bigarrena izan da, sailkapenen nagusian zazpigarren postua eskuratuta: 33 minutu eta 19 segundoan bukatu du ibilbidea. Emakumeetan, Ainhoa Agirrebeña izan da lehen herritarra. Sailkapen nagusia ikusgai duzue, hemen. Raka Maraton kirol elkarteak antolatzen du proba, urtez urte, Jokin Ormaetxea txirrindulari elkartearen eta Azkoitri triatloi taldearen laguntzarekin. Honakoa da lasterketako argazki bilduma: [flickr_set id="72157660762493799"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide