Hiru astez entseatu dute bederatzi konpainiek, eta asteazkenean elkartu ziren azkenengo aldiz, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. (Ana Abarisketa)
Ordu gutxi barru lehertuko da Azkoitian danbor hotsa. San Andres jaien aurreko asteburuan ospatzen da azken urteetan Azkoitiko danborrada, jaiak berotzen hasteko. Aurten, konpainia bat gehiago ibiliko da herriko kaleetan zehar eta bederatzi izango dira guztira.
Napoleon, Pelotariak, Ixkitturri elkartea, Presoen senide eta lagunak, Floreagako gurasoak, Floreagako ikasle ohiak, Xabier Munibeko gurasoak eta Xabier Munibeko ikasle ohiak. Azken konpainia taldera batzen –bederatzigarrena– Txintxarri elkartea izan da, eta sukaldariz jantzita aterako dira bertako 26 mutil gazte. Pintxo-pote batean sortu zuten, eta danborradan bat gehiago dira ordutik.
400 lagun baino gehiagok osatzen dute Azkoitiko danborrada, eta pareko dira ekitaldian gizonak eta emakumeak. Urtero bezala, goiz afalduko dute, 19:30ean, Gurea pilotalekura garaiz iristeko. Sare mugimenduak dei egin die danbor-joleei euskal presoen alde taldeko argazkia atera dezaten, 19:00etan. Danbor hotsak 22:00etan hasiko dira, eta pilotalekutik plazara egingo dute aurreneko ibilbidea. Bizpahiru abesti joko dituzte –
Umore ona, Azkoitia eta Diana–, eta, jarraian Balda plazarako bidea hartuko dute, handik Julio Urkijo kalera heltzeko. Herriko kaleak zeharkatuz plazara joango dira berriro, gaueko hamabiak aldera. Beste abesti sorta bat jo ostean, Gurea pilotalekuan bukatuko dute.
Euria eta hotza
Biharkoan eguraldiari begira egongo dira asko. Aurreikuspenen arabera, euria eta hotza egingo du. Eguraldiak lagunduko ez balu, ordezko ibilbidea prestatu dute. Tradizioz, eguraldi txarraren aurrean konpainietako zuzendariek eztabaidatzen zuten ibilbidea egin ala ez. Oraindik ere biltzen dira zuzendariak, baina ibilbide motza edo luzea egin erabakitzeko. Bihar bilduko dira danborrak astindu baino orduerdi lehenago hori aztertzeko, eta printzipioz ez dute ekitaldia bertan behera uzteko asmorik; salbuespen neurria izango litzateke ez ateratzea.
Eguraldiak laguntzen ez badu, pilotalekutik Balda plazara joango dira zuzenean danbor-joleak eta han hiru pieza jo ostean, plazara bueltatuko dira zuzenean. Plazan, eguraldia lagun izan ala ez, honako piezak joko dituzte:
San Sebastian, Diana, Idiarena, Deba, Umore Ona, Xoxote, Azkoitia eta Tatiago.
Txerriaren festa
Biharko danborradak San Andres jaiak ate joka jarriko ditu. Gaur zortzi pilota partidak jokatuko dituzte Gurean: Iurgi Juaristi eta Murgiondo Alex Juaristi eta Teiletxearen kontra. Bigarren partidan, berriz, honako pilotariak lehiatuko dira: Saralegi eta Gorrotxategi Titin III.a eta Pascualen aurka.
Asteburua ekitaldiz josita egongo da, eta astelehena izango da San Andres eguna. Marrazki eta buztin lehiaketez gain, postuak izango dira plazan. Ez da jan-edanik faltako txerriaren festa nagusian.
Asteburuko egitaraua
Bihar, azaroak 21
16:30. Herriko plazatik irtenda, XI. Herri Lasterketa Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton Elkarteak antolatuta.
22:00. Helduen danborrada Gurea pilotaleku ondotik irtenda. Herriko plazan, Balda Plazan eta Julio Urkijo kalean geldialdiak egingo dituzte. Gero, berriro Herriko plazara itzuliko dira. Eguraldi txarra egiten badu, ordea, pilotalekutik zuzenean Balda plazara joango dira eta handik herriko plazara itzuliko.