Gerdau Brasileko multinazioanalak hiru langile kaleratu ditu azken egunetan Azkoitian duen plantan. Espainiako estatuan izandako 23 kaleratzeen barruan kokatuta daude Gerdau Azkoitiako hiru langileak.
Kaleratzeak egiteko azken lan erreformak jasotzen dituen baldintzetan oinarritu da Brasilgo multinazionala. "Produkzioari, antolaketari eta egoera ekonomikoari" lotutako arrazoiak argudiatu ditu langileak botatzeko. Banakako kaleratzeak ari dira izaten eta ez erregulazio espediente batek derrigorrezkoa egiten duten taldekako kaleratzeen bidezkoak. Hala azaldu dio Hitzari Jon Iturrikastillo ELAko ordezkari sindikalak.
Frantziako
Le Republican Lorrain egunkariak pasa den hilean argitaratu zuen Gerdauk salgai jarri zuela Sidenor filiala eta lantegi horien artean dago Azkoitiko Gerdau. Euskal Herrian eragingo lieken gainerako lantokiak Basaurikoa eta Gasteizkoa dira. 1.500 langile ditu Gerdauk Euskal Herrian, eta 360 inguru Azkoitian.
Enpresak ez du azalpenik eman ordutik, eta horixe da hain justu sindikatuek leporatzen diotena, informazio falta. "Azkoitiko zuzendaritzari informazioa eskatu diogu, baina ezer ez dakitela erantzun dute", azaldu du Iturrikastillok.
Protestak enpresa atarian
Azken kaleratzeak salatzeko Gerdauren hiru lantegien aurrean protestak egin zituen astelehenean gehiengo sindikala osatzen duten CCOO, UGT, USO eta CSIF-ek. Protesta horietara ez ziren batu sindikatu abertzaleak: "Ez gaituzte informatu", esan du LABek. ELAren ustez, gehiengo sindikala enpresaren "morroi" ari da izaten eta "lan baldintzak okertu" dituzte. Aurrerantzean protestan eta mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute sindikatu abertzaleek.