Langileen lan baldintza txarrak salatu ditu ELAk. (Ana Abarisketa)
ELA sindikatuak Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolako DBHko eraikin berriaren lanetan ematen ari diren "irregulartasunak" salatu ditu, beste behin. Sindikatuak lan prekarietatearen kontrako kanpaina hasi zuen Euskal Herrian pasa den ostiralean eta Azkoitiko ikastolaren eraikin berria da jomugan jarri duen obretako bat. Pasa den maiatzean egin zuen aurrenekoz mobilizazioa eraikinaren aurrean, orduan ere "lan baldintza txarrak" salatzeko.
Igor San Jose ELAko eraikuntza arduradunak salatu du lan baldintza txarretan ari direla lanean langileak. "Gipuzkoako Eraikuntzako lan hitzarmena bete dezala eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari", azaldu zuen San Josek. Salatu duenez, langileak hitzarmenean adostutakoaren "erdia" ari dira kobratzen.
Eraikin berria egiteko lehiaketa publikoa Vias y Construcciones enpresak irabazi zuen. ELAk maiatzean egindako agerraldian esan zuen 7,5 milioi euroko aurrekontua zuela proiektuak hasieran; azkenean, 4.519.350 milioi eurotan eman zituzten lanak. 26 enpresa aurkeztu ziren lehiaketara, eskualdekoak tartean.
Obraren erantzunkizuna Eusko Jaurlaritzarena bada ere, ELA sindikatuak bilera formala eskatu dio Azkoitiko Udalari. Orain, bilera noiz onartu zain daude.
Agerraldia legebiltzarrean
ELAk agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarraren Enplegu, Gizarte-Politikak eta Etxebizitza batzordearen aurrean. Lanetan atzeman dituzten irregulartasun "larrien" berri ematea du helburu sindikatuak agerraldian.