Merkatariei eskainitako zerbitzua hobetu nahi du Azkoitiko Udalak

Ana Abarisketa 2015eko azaroaren 13a

Azkoitiko Udalak herriko merkatariei eta ostalariei eskaintzen dizkien zerbitzuak eta diru-laguntzak «baloratzeko» eta «hobetzeko» egitasmoa jarriko du martxan. Hala azaldu zuen atzo Miguel Angel Bastida zinegotziak udal teknikari ezberdinen babesarekin: "Zerbitzu publikoak herritarrei gerturatzea eta erraztasunak ematea da udal gobernu honen asmoa. Kasu honetan merkatarien eta ostalarien arlora zuzendu gara, sektore honek ere garrantzi handia duelako arlo sozioekonomikoari bultzada emateko", azaldu zuen. Azaroan eta abenduan zehar parte hartzeko egitasmoa jarriko du martxan udalak, eta zerbitzu publikoen inguruko informazio zabalduko zaie merkatariei eta ostalariei. Informazioaz gain,  galdetegi bat jasoko dute bihartik aurrera, udalak eskaintzen dituen zerbitzu publikoak baloratu ditzaten. Udal teknikariek ahal bezain laster galdetegia erantzuteko deia luzatu dute, eta anonimoa izango dela azpimarratu. Erantzunak bildu ostean, herritarrek egindako proposamenen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertuko du udalak, 2016tik aurrera dagozkien egokitzapenak egiteko. Azkoitiko udal teknikariak eta zinegotziak. (Ana Abarisketa)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide