Anaitasuna Mendi Bazkunak Mendi Astea antolatu du datorren asterako, asteartetik hasi eta ostiralera bitartean. Beraz, mendizaletasunari eskainitako astea izango da datorrena. Hain justu, mendiari "merezi duen tokia" emateko helburuarekin sortu dute egitaraua antolatzaileek. Hala azaldu du Manu Larrañaga Anaitasuna Mendi Bazkunako kideak eta antolatzaileak.
Lehenengo egunerako, kirola eta osasuna ardatz hartuko dituen hitzaldia antolatu dute. Azken hamarkadan mendi lasterketek izan duten gorakada aztertuko dute hitzaldian, eta prestaketa egokia izateko pautak azalduko dituzte. Izan ere, "ez da ohikoena" Imanol Aleson bezalako punta-puntako kirolaria izatea, mendi bazkunako kidearen ustez. Alberto Garaik eta Jokin Lizeagak emango dute hitzaldia eta Ekaitz Artetxe arituko da moderatzaile lanetan.
Imanol Aleson Ehunmiliak irabazita, alabarekin. (Eskeine Legorburu)
Asteazkenean mendiko eskiari buruzko film bat botako dute Baztartxon. Saint Elias mendian kokatzen da dokumentala, Ameriketako Estatu Batuetako eta Kanadako bigarren mendirik altuenean. Axel Naglich, Peter Ressmann eta Jon Jonhston eskiatzaile ospetsuen istorioa da.
Tenperaturan hotzetik berora salto eginda, Saharan lehiatzen den Titan Desert probari eskainitako dokumentala ikusteko aukera izango da.
Ostiralean, azken egunean, Ultra-Trail proba ikaragarriaz hitz egingo dute mahai inguruan eta Imanol Aleson omenduko dute, izan ere azkoitiarrak azken edizioan parte hartu du. Behin hitzaldia bukatutakoan afari omenaldia egingo dute Joseba jatetxean. Etxeza harategian eman daiteke izena edo Anaitasuna Mendi Bazkunaren kontu korrontean 30 euroko ordainketa eginda.
Errioxara irteera
Bestalde, Errioxara irteera antola du Anaitasunak iganderako. Toloñoko mendilerroari itzulia emateko asmoa dute, 15 kilometroko ibilbidea eginez. Etxeza harategian eta Lopetegi iturgintzan izena eman daiteke.
Egitaraua
Azaroak 17, asteartea
19:30. Mendi lasterketen prestakuntza hitzaldia, Elkargunean, Alberto Garai eta Jokin Lizeaga.
Azaroak 18, asteazkena
20:00. Mount St Elias filma Baztartxon. Hiru euroren truke.
Azaroak 19, osteguna
19:30. Titan Desert ibilbidearen inguruko dokumentala, Elkargunean.
Azaroak 20, ostirala
19:30. Ultra-Trail lasterketen inguruko mahai ingurua, Elkargunean. Honako hizlariek parte hartuko dute: Imanol Aleson, Silvia Trigueros eta Javi Dominguez. Moderatzailea Andoni Elduaien izango da. Ondoren afari omenaldia egingo diote Imanol Alesoni, Joseba jatetxean, 21:00etan.