Ramon Azpitarte ‘Imuntzo’. (Ana Abarisketa)
Urrian aurkeztu zenuten Egurre. Nolako diskoa da?
Imuntzo eta Belokiren zortzigarren diskoa da
Egurre. Nire lehenengo diskoa Epelarrerekin argitaratu nuen. Orain, aurreko diskoetan ezagunak egin diren abestiak batu ditugu berriro grabatzeko, izan ere aldatu egiten da kantak egiteko modua. Sentsazio berriak sortzen dira, ikasten doa bat. Beraz, kanta horiek gaur egun zuzenean jotzen ditugun bezala grabatu ditugu.
Zeintzuk dira betiko abesti horiek?
Gizontxo gizentxo, Gora Afrika, Mikel Goñi eta
Sordigindu. Azken hau eta
Gora Afrika bigarren diskorako sortu genituen. Duela urte batzuk trikitilari batzuk batu, eta Aizterrazu da plaza diskoa argitaratu genuen. Orduan sortu genuen
Mikel Goñi.
Zer aldatu da aurreneko diskotik?
Urteekin esperientzia hartzen da, eta jotzeko modua ere aldatuz doa. Orain, abestien erritmoa lasaiagoa da, erosoago sentitzen garelako.
Musikari hobeak zarete?
Jakituriak eta esperientziak ematen dizu halako aberastasun bat, eta hori antzeman egiten da.
Soinua jotzeko moduan izan al da aldaketarik?
Orain desberdin jotzen dut. Beste garai bat zen hasierakoa. Digitazioari eta abiadurari garrantzia handiagoa ematen zitzaion. Denborari esker jantzi ditudan beste balio batzuk ditut orain, lehen ez nituenak.
Soinu irakaslea ere bazara. Erakusteko modua asko aldatu al da?
Ikasleak gazteak izaten dira eta gaztetan lantzen diren armak horiek dira, hain justu: digitazioa eta abiadura. Aipatzen ditudan arma horiek norberak lantzen ditu denborarekin. Ez da irakasten den zerbait.
Zer moduz hartu dute entzuleek Egurre diskoa?
Betiko kantuez gain berriak ere sortu ditugu eta
Ostiraltxo kalejira da horietako bat. Ostiralen edertasunaz hitz egiten digu abestiak. Estimazio polita izaten ari da, eta jendea abestiarekin identifikatuta sentitu da.
Zeintzuk dira gainerako abesti berriak?
Ai ama! cumbia bat da eta
Bizi pasioak mexikarra. Trikitixa elkarteak argitaratutako disko batekoak dira biak, eta diskografiarako berreskuratu ditugu.
Estilo nahasketa handia du, beraz,
Egurrek.
Jota bat ere grabatu dugu,
Nafarroa izenekoa. Maider Ansa gonbidatu genuen, aurreko bi diskotan parte hartu zuen Ansak. Bada beste kanta bat alabari eskainitakoa ere. Aurreko diskoan semeari egin nion abestia eta ez genuen alabarentzat sortu arteko bakerik. Gainera, Porrotx-ek parte hartu du.
Abesti sortara gehitu dugu 1988an Epelarrek eta biok txapelketa batean jo genuen
Urolako trena. Urolako trena kendu zuten orduan eta herritarren artean haserreak sortu zituen. Jendeak emanaldietan eskatzen jarraitzen du, eta diskora gehitzea erabaki dugu. Ramon Zubizarreta
Landakanda-k kantatzen du abestian, Belokirekin batera.
Zein da zuen lan egiteko modua?
Normalean musika nik sortzen dut eta letrak Belokik. Musika barruan daramat, eta betidanik jotzen dut soinua. Beloki irakurle amorratua da, bertsozalea, beraz, erraz banatzen ditugu lanak.
Noiz hasiko zarete kontzertuekin?
Datorren urtean hasiko gara kontzertuak ematen. Beloki besoan mina hartuta dago, beraz urtarrilean hasiko gara emanaldiekin, indartsu. Entzuleek izango dute gure berri.
Gozatzen duzue oholtza gainean?
Lau lagun gara taldean eta asko gozatzen dugu elkarrekin. Bestela, ez zen posible izango hainbeste urtetan batera jardutea.
Imuntzo eta Beloki
DISKOGRAFIA
1999.
Louisianara noa (Elkar).
2000.
Trikrisia (Elkar).
2000.
Jo Ezak! (Elkar).
2001.
Saturnotrik (Elkar).
2004.
Ganbaran Bai (Elkar).
2007.
Gauaren Helduan (Elkar).
2011.
Gezurra ez da egia (Elkar).
2015.
Egurre (Elkar).