Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak bigarren urtez antolatu ditu Orbel Jokoak Azkoitian. Iaz izandako arrakastaren ondorioz antolatu dituzte, beste behin, Orbel Jokoak herrian, eta dagoeneko azken fasera iristen ari dira. XIX. mendean antolatutako Lore Jokoei keinu egiten dien probek lau asteko iraupena dute, lau fasetan banatuta. Orain hirugarren fasean daude probak, eta ostiralera arte dago erantzuteko epea. Hurrengo fasea azkena izango da, eta finala, hain justu, azaroaren 14an, Elkargunean egingo dute. Ekitaldia arratsaldez izango da, eta irekia da.
Aurten hiru lagunez osatutako 74 talde osatu dituzte. Finalera hiru hirukote iritsiko dira, puntuazio gehien lortzen dutenak, alegia. Taldeek zazpi eguneko epea izaten dute erantzunak entregatzeko. Eta bi modutara eman daitezke: tabernetan sakabanatuta dauden ontzietan utzita, edo Internet bidez,
www.maxixatzen.eus helbidera idatzita.
Azaroaren 14ko irabazleek herriko dendetan gastatzeko 300 euroko balea eta
Argia-ren edo
Berria-ren urtebeteko harpidetza jasoko dute. Finalistek, berriz, herriko jatetxeetan afaltzeko balea lortuko dute, eta Maxixatzen aldizkariaren harpidetza. Parte-hartzaile guztien artean ere hainbat sari txiki zozkatuko dira.
Herrigintzan, lanean
Orbel Jokoak antolatzen hasi ziren euskara eta euskal kultura sustatzeko. Hala azaldu dio Hitzari Naroa Olalde Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko lehendakariak. Orain lau urte egindako lanketa baten ondorioz konturatu ziren inguruko kultur erreferentzia izatea falta zela herrian, eta halaxe sortu zuten proiektua. Iaz, Euskal Herriko kulturari eta Azkoitiari buruzko galderak prestatu zituzten. Aurten, berriz, herrian zentratu dira gehienbat. Izan ere, Azkoitiko elkarte honen helburua ere bada euskararen normalizazioan egiten duten lana herritarren artean azaleratzea.