Azkoitiko Udalbatza (Ana Abarisketa)
Azkoitiko Udalbatzak 2016rako tasen eta zergen inguruko proposamenak bozkatu zituen atzo arratsaldean. Onartutako neurrietako bat da
etxe hutsei Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) kentzea. Pasa den agintaldian, EH Bilduren gobernuak %100eko gainkarga ezarri zien etxe hutsei. Zerga horretatik batutako hobariak,
18 eta 35 urte bitarteko gazteei alokairua ordaintzeko diru laguntzak ematera bideratu zituen EH Bilduk.
EAJren iritziz, "orokorrean", ez da etxebizitza bat inbertsio gisa erosten Azkoitian: "Gehiengoak bertan bizitzeko hartzen du etxebizitza, eta bigarren etxea dutenen kasuan, gehienek herentzia baten ondorioz jaso dutelako da", azaldu zuen Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak udalbatzarraren aurretik Javier Zubizarreta alkatearekin batera egindako agerraldian.
Udalbatzarrean, EH Bilduk gogoratu zuen etxe hutsen zergak hainbat helburu dituela. Idoia Uranga bozeramaileak hiru aipatu zituen: "Oinarrizko etxebizitza eskubidea bermatzea, hutsik dauden etxebizitzen alokairua bermatzea eta etxebizitzen eraberritzea bultzatzea, hala, herriko ekonomia suspertzeko". 2014an ezarri zuen EH Bilduk zerga hau, eta ordutik alokairuko etxeen kopuruak gora egin duela nabarmendu zuen Urangak. EH Bilduk argi du: "Bigarren etxebizitza hutsik dutenek diru gaitasun gehiago dute, eta ekarpen handiagoa egin beharko lukete. Hala, etxebizitzak bere funtzio soziala ez badu betetzen, zentzuzkoa iruditzen zaigu zerga gehiago ordaintzea". Beraz, proposamenaren kontra bozkatu zuten.
Irabazi Azkoitia Baik ere kontrako botoa eman zuen. "Ez zaigu ondo iruditzen orain arte ondo funtzionatu duen neurri bat kentzea. Gazteen diru laguntzak arrakasta handia izan du, eta mantendu beharrekoa dela uste dugu", azaldu zuen Jose Joaquin Etxanizek.
Gainerako etxibizitzei %1,5 igoko zaie Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, eta higiezin industrialei %2,5. Zubizarretak eta Azkoitiak eskainitako agerraldian azaldu zuten, ordainagiri guztien batezbestekoa eginez gero, etxebizitzagatik orain 171,93 euro ordaintzen dutenek 174,50 euro ordaindu beharko dutela datorren urtean, "2,57 euro gehiago, alegia".
Ana Azkoitia Ogasun zinegotzia eta Javier Zubizarreta alkatea. (Ana Abarisketa)
Zergen kasuan, udalaren irizpidea da 10.000 biztanletik gorako hogei udalerriko zerrenda hartu eta Azkoitia erdian mantentzea. "Etxebizitzen OHZ %1,5 igota ere erdian mantenduko ginateke, eta industrialean %2,5 igota erditik behera egongo ginateke hala ere", esan zuen Azkoitiak.
PSE-EEk iritzi zion ez dela bidezkoa krisi garaian zergak igotzea. Hala, Miguel Reimundez abstenitu egin zen bozketan.
Zaborren tasa, %5 gora
2016ko ordenantza fiskalean hondakinen tasa %5 igotzea proposatu zuen udalak. Argudio gisa erabili zuen Urola Erdiko Mankomunitatearen zerbitzuen kostuen igoera, azken bi urteetan gora egin duela baitio udalak, defizita areagotuz. "2014an zerbitzuaren estaldura herritarren aldetik %74,7koa bazen, 2015ean, %66,13ra jaitsi da. Estaldura maila baxua dela uste dugu", argudiatu zuen Azkoitiak agerraldian. Hala ere, hondakinen tasen igoerak ez omen du zerikusirik orain birziklapen tasak behera egin izanarekin. Aitortu zuen, ordea, aurreikuspenen arabera, 2017ko ekarpena ez dela txikiagoa izango.
EH Bilduk kontra bozkatu zuen hemen ere. "Ekainetik hona, ontzi arinekin eta organikoarekin arazoak hasi dira, material desegokien kopuru hadiagoa agertu da eta, abuztutik hona, zabortegira isurtzen hasi dira osotasunean", azaldu zuen Urangak. EH Bilduk uste du aurreko agintaldian "lan handia" egin zela herritarren kontzientziazioa lantzeko: "Lan arduratsua egin zen denbora luzez eta, orain, ez dugu halakorik ikusi udal talde berriaren partetik".
Beste hainbat aldaketa
Azkoitiko Udalak baserrietako obra lizentzietan %95eko hobaria erantsiko du. Bestalde, 25 urtetik gorako ibilgailuen zerga kentzea onartu zuten.
Gainerako tasei dagokionez, gehiengoak mantendu egingo dituzte, Elkargunekoa tarteko.
Uraren tasari dagokionez, doikuntzak egitea proposatu zuen udalak, pixkanaka Gipuzkoako Ur Kontsortzioa ezartzen ari den tarifetara hurbiltzen joateko, Azkoitian altuagoak baitira. Doikuntza horiekin orokorrean kontsumoari dagokion kanona igotzea nahi du udalak, finkoak direnak murriztuz. Erabaki honen helburua da kontsumoa zigortzea.