Ezkerretik hasita, Javier Zubizarrera, Ana Azkoitia, Aitor Bereziartua eta Miguel Angel Bastida. (A.Abarisketa)
Azkoitiko Udalak eta Urola Erdiko Mankomintateak edukiontzi grisak jartzea adostu dute. Ana Azkoitia zinegotziak eman zuen udalaren erabakiaren berri astelehen arratsaldean eskainitako agerraldian. Azken hilabeteetan edukiontzi marroietan (organikoa) eta horietan (plastikoa) agertu diren material desegokien kopuruak gora egin du, eta horregatik hartu dute erabakia. Izan ere, abuztutik hona, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) ez ditu onartzen Azkoitian bildutako ontzi arinak eta organikoa material birziklagarri gisa. Beraz, birziklapen tasek nabarmen behera egiteaz gain, "sekulako gastua" eragiten die udalari. Azkoitiko Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak adostasunez hartutako erabakia da edukiontzi grisak jartzearena.
Erabakia "behin-behinekoa" eta "premiazkoa" dela azaldu zuen Ana Azkoitiak. "Edukiontzi grisen ezarpenarekin lortu nahi dena da hondakinak botaretzakoan edukiontzi bidez egiten den okerreko erabilera murriztea", azaldu zuen udaleko zerbitzu ekonomikoen arduradunak. "Ez dakigu grisa irekitzeak edukiontzi marroian eta horian jasotzen dena salbatzea lortuko duen, baina urgentziazko neurri bezala planteatu dugu".
Edukiontzi grisa jarri dute herriko hainbat gunetan. (Ana Abarisketa)
Edukiontzi horietan eta marroietan "denetarik" aurkitu dute azken hilabeteetan. Edukiontzi horietan organikoa agertu da, esaterako, eta organikoan, ontziak. Arropa ere jaso dute bietan. "Epe motzeko helburua dugu edukiontzi horiko ontzi arinak Legazpin onartzea eta organikoa Lapatxeko Konpostatze Plantan –Azpeitian– onartzea", aitortu zuen Azkoitiak.
Ez birziklatzearen ondorio ekonomikoez ere hitz egin zuten. "Herritarrek jakin behar dute plastikoa edo ontzi arinak ondo birziklatzen badira udalak kobratu egiten duela. Eta organikoa ondo birziklatzen bada, errefuxa ordaintzen denaren erdia pagatzen dela". Kostuak zenbatuta al dituzten galdetuta, udalak GHKrekin luzamendu bat lortu duela jakinarazi zuen Azkoitiak.
Aurrerantzean zabalik egongo dira beti edukiontzi grisak, eta "momentuz" ez dituzte errefuxa biltzeko erabiltzen diren posteak kenduko. Atzo hasi zen mankomunitatea edukiontzi grisak jartzen, eta larunbaterako "herri osoan" jarrita izatea aurreikusten dute.
Agerraldian parte hartu zuten Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak (EH Bildu), eta Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak eta Miguel Angel Bastida zinegotziak (EAJ).
Hain zuzen, Zubizarretak garbi utzi zuen sistema aldaketak martxan jarraitzen duela: "Zintzilikarioak kendu egingo ditugu". Aldaketak, hala ere, denbora eskatzen duela esan zuen.
Hezitzaileak, kalean
Edukiontziak jartzeaz gain, ingurumen hezitzaileak ibiliko dira aurrerantzean Azkoitiko kaleetan "beharrezko informazioa" ematen, eta, herritarren "kontzientziazioa" lantzen. Mankomunitateak sei hezitzaile ditu Azpeitia, Azkoitia eta Zestoa lantzeko; orain, hezitzaile hauen helburua izango da hondakinak nola banatu azaltzea eta organikoa botatzeko poltsa konpostagarriak non eskuratu erakustea.