Sei aurkariak, lehia amaitu ostean Azkoitiko Gurea pilotalekuan. (Ibon Errazu)
Euskal Herriko II. Mailako Aizkora Txapelketan lehiatzeko txartela lortu dute Xabier Orbegozo Arria V.ak eta Julen Alberdi Txikia IV.ak. Errezildarra bata, eta azkoitiarra, bestea. Biek ere erakustaldi ederra eman zuten Azkoitiko Gurea pilotalekuan larunbat arratsaldean, Euskal Herriko III. Mailako Aizkora Txapelketako finalean.
54 ontzako hiru enbor eta 60 ontzako beste bi enbor moztu zituzten partaideek. Ezustekorik gabe, Arria V.ak aise irabazi zuen lehia. "Segurtasun osoz joan nitzen probara, eta ondo atera zitzaidan, gustura nago, beraz". Aurretik lehen mailan jokatutakoa da eta, denbora batez aizkora utzi ostean, ezagun egin zuen kirola berreskuratu du. Punta-puntako mailara itzultzeko maila guztiak gainditu beharra du eta horretan ari da errezildarra.
Julen Alberdi Txikia IV.a larunbateko finalean . (Ibon Errazu)
Txikia IV.a ere gustura dago "etxean" lortutako emaitzarekin. Urrategi auzoko gazteak Hitzari azaldu dio indartsu sentitu zela proban. "Garbi zegoen Arria V.a zela faboritoa, baina bigarren postua nork lortuko, horixe zen zalantza", argitu du. "Egurrak ez ziren punta-puntakoak, baina lortutako denborarekin ez dut inolako aitzakiarik". Gurea pilotalekuan ezagun askoren "berotasuna" izan zuen azkoitiarrak, eta hitz onak besterik ez ditu jasotako babesari dagokionez. Seriotasun handiagoz entrenatu du azkenaldian Alberdik. Orain bi urte ere parte hartu zuen III. Mailako Aizkora Txapelketan, baina orduan ez zuen lortu finalera sailkatzerik. Atsedenaldiaren ostean, "martxan" jarraituko duela dio, lehen maila helburu.
Apustua, abenduaren 20an
Arria V.a, bestetik, burubelarri ari da abenduaren 20an Tolosako zezen-plazan jokatuko duen buruz burukoa prestatzen. Donato Larretxea maisuaren aurkako apustuan asko dago jokoan, errezildarraren hitzetan. "Orain urte erdi sinatu genuen apustua, eta 12.000 euro jokatzen ditu bakoitzak. Dirutza da eta borroka handia izango da". 20 kanaerdiko moztuko dituzte. Herrikoen berotasuna izango du errezildarrak abenduaren 20an: "Denera 24.000 euro izango dira jokoan, eta ekonomikoki eta emozionalki laguntzen didan kuadrilla dut atzetik Errezilen".
Sailkapena eta deborak
Xabier Orbegozo (Errezil). 11:40.
Julen Alberdi (Azkoitia). 13:03.
Iban Resano (Nafarroa). 14:11.
Eneko Saralegi (Nafarroa). 14:14.
Oier Kañamares (Nafarroa). 16:02.
Eloy Corchero (Argentina). 16:22.