Udalak aurkeztu dio jada Espainiako Kirol Kontseiluari Txerloia futbol zelaian berrikuntzak egiteko proiektua. Iaz egin zituen azken aldaketak Azkoitiko Udalak.
Pasa den martxoan bukatu zituzten Azkoitiko Txerloia eta San Juan futbol zelaietako hobekuntza lanak. Orduan, harmaila atzeak babesteko metrakilatozko panel bat jarri zuten eta zelaia inguratzen duen sarea, eta bere estalgune berdea berritu zituzten, besteak beste. Orain, hobekuntza gehiago egin nahi ditu Azkoitiko Udalak Txerloian eta, prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, dagoeneko eskatu dute proiektua gauzatu ahal izateko diru laguntza. Azaldu dutenez, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak erabakiko du proiektuak diruz laguntzea merezi duen edo ez.Hain justu, Kirol Kontseilu Goreneko arduradunak Azkoitian izan ziren pasa den astean San Juango eta Txerloiko futbol zelaietan egindako lanak aztertzen. Proiektu saileko Jesus del Barrio arduraduna eta diru laguntzen Ikuskaritza Fiskalaren Zerbitzuen buru Raul Ureña, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatearen elkartu ziren. Anaitasunako idazkari Maider Zinkunegik eta Jon Ander Azkue diruzainak ere parte hartu zuten Txerloiako futbol zelaian egindako bisitan.
Udalak ez du argitu, momentuz, eskatutako diru laguntza zenbatekoa den.
Hiru berrikuntza nagusi
Hiru dira udalak landutako proiektuak aurreikusten dituen hobekuntza lanak. Batetik, tribunan bizkarraldea duten eserlekuak jartzea da asmoa, gaur egun esertzeko dauden egurrezko oholak ordezkatuz.
Bestetik, erabiltzaile gehiagorentzat ahalmena izango luketen aulki homologatuak jarri nahiko lituzke udalak. Bigarren puntua litzateke, estalitako gune bat eraikitzea langileentzat, alegia, sarrerak saltzeko estalitako leihatila bat egitea. Azkenik, markagailu ingurua estalpe batekin babestearen beharra aipatzen da proiektuan, zaleek erabili dezaten.