Eneritz Artetxe eta Anjel Larrañaga bertsolari azkoitiarrek adinekoen egoitza bisitatuko dute bihar, 17:00etan. Bertsolaritzaren inguruko bizipenez hitz egitea dute xede.
Duela urtebete jarri zuten martxan bertsolaritza adinekoen egoitzetara gertutatzeko egitasmoa Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk bertsoa oinarritzat hartuta kultur ekitaldiak kudeatzen ditu. Aurten, aurkeztu dute dagoeneko programa Adin-Adin izenburupean, eta hamaika bertso saio berezi eskainiko dituzte guztira. Aurreneko saioa Errenterian egin zuten pasa den asteazkenean, eta bihar Azkoitian izango da hitzordua. Eskualdean beste saio bat ere ospatuko dute, Azpeitian, hain justu, eta San Martin astean ospatuko da. Loidisaletxe eta Beñat Lizaso bertsolariek hartuko dute parte saio horretan.Azkoitiko San Jose Egoitzako bertso saioa arratsaldeko bostetan hasiko da, eta Eneritz Artetxe eta Anjel Larrañaga bertsolari azkoitiarrek hartuko dute parte. Artetxek HITZAri azaldu dio, bertsotan hasi aurretik adinekoekin solasalditxo bat izateko asmoa dutela, bertsoaren inguruan dituzten bizipenak elkarrekin partekatzeko. Izan ere, proiektuaren helburua bada eurei euskal kultura gerturatzea ere. Proiektua Azkoitian jorratzen den aurreneko aldia da, ez ordea Azkoitiko bertsolari gazteek adinekoen egoitza bisitatzen duen lehenengoa. Izan ere, urtero ospatzen da herrian Adinduen Astea, eta Xabier Munibe eta Floreaga ikastetxeetako ikasleak bisitan izaten dira egoitzan.
Egitasmoaren helburua da, bertsoa ardatz hartuta, adineko pertsonen gaitasuna sustatu eta bizi kalitatea hobetzea, gaitasun psikoemozionalak landuz. Egitasmoan herriko bertsolariak aukeratzen saiatu dira, aldi berean, belaunadi desberdinetako bertsolariak batuz. Hala, aurrenekoz egingo dute batera bertsotan Artetxek eta Larrañagak.
Bertsoa, erreferente
Bertsoa da, adineko askorentzat, euskal kulturako erreferente nagusia edo bakarra. «Haietako asko bertsoen bidez hunkitzen dira», iritzi zion Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak Adin-adin aurkeztu zutenean: «Euren bizipenak,oroitzapenak, gogoratzen dituzte eta zaila da motibazio hori beste modu batera lortzea. Emozioetara iristen den tresna da bertsoa».