Minbiziaren Kontrako I. Lasterketa Solidarioaren irabaziak osorik Katxalin elkarteari eman dizkio Ttipi-Ttapa elkarteak. Hainbat norbanako eta eragile eskertu dituzte.
Iragarri zuten arrakasta handia izan zuela irailaren 26ko Azkoitiko Bularreko Minbiziaren Kontrako I. Lasterketa Solidarioak. Aurreikuspen guztiak beteta, ostiral arratsaldean eman ahal izan zien Ttipi-Ttapa elkarteak Katxalin elkartekoei korrika saioarekin batutako dirua, osorik. Emozioz gainezka jaso zuen Txaro Beobide bularreko eta ginekologiako minbizia duten emakumeen elkarteko lehendariak 9.500 euroko txekea. Prentsaurrekoan parte hartu zuten Azkoitiko Ttipi-Ttapa elkarteko hainbat kidek, tartean Jose Antonio Zulaika entrenatzaile eta taldearen sortzaileak.Maialen Elortza Ttipi-Ttapako kideak «bihotz-bihotzez» eskertu zien modu batera edo bestera lasterketa solidarioan parte hartu zuten guztiei. Herriko merkatariak eta tabernariak aipatu zituen berak 1.070 euro eta 65 sari banatu ziren irailaren 26an; lasterketan parte hartu zutenak helduen dortsaletatik 6.632 euro lortu ziren, 874 euro, berriz, umeen izen ematetik, eta, lasterketan atera ez arren, ekarpenak egin zituzten norbanakoei, guztira 2.490 euro biltzea lortu baitzen. Azkoitiko Udalak emandako 3.500 euro eta UROLA KOSTAKO HITZAren 250 euroko laguntza ere izan zituen gogoan bozeramaileak. Azkenik, lasterketa egunean antolakuntzan laguntzen aritu ziren guztiak izan zituen gogoan Elortzak, baita herritarren partetik jasotako elkartasuna eskertu ere.
Informazioa eta heziketa
Txaro Beobide lehendakariak Katxalin elkartea izan zuen hizpide, eta esan zuen bularreko minbizia pairatzen duten emakumeak «informatzea eta «hezitzea» dela euren helburu nagusia, une latzak pairatzen ari diren emakumeek gaixotasuna ahalik eta ondoen eramaten ikas dezaten. Aipatu zuen bi bulego dituztela horretarako prestatuta, bata Donostiako Zarategi ibilbideko 100. zenbakian Katxalin elkartearen bulegoa dago helbide horretan, eta, bestea, Donostia Ospitalean, duela pare bat urte bulego bat utzi baitzieten.
Katxalinen epe laburreko helburu da bularreko minbiziaren inguruko ikerketa bat egin ahal izatea. Ikerketa horretara bideratuko dituzte Ttipi-Ttapa elkarteak bildutako 9.500 euroak. Falta den dirua datorren igandean lortu nahi lukete, urriaren 18an ospatuko den Donostiako Klasikoa lasterketan Katxalinek antolatzen duen 5,5 kilometroko ibilbidean. Ez dago, beraz, korrika egiteko aitzakia ederragorik datorren astebururako ere.