Giro ederrean ospatu dute Elosuko ganadu azoka

Ana Abarisketa 2015eko urriaren 13a

Jende asko bildu zen atzo Elosuko XXXVII. Mendiko Ganadu Azokan. Abereak ikusteko parada izan zen, eta noizbehinka euria egin bazuen ere, ez zuen hutsik egin Elur Txiki elkartekoek egun osorako osatutako egitarauak.Goiz-goizetik gerturatu zen atzo jend...

Jende asko bildu zen atzo Elosuko XXXVII. Mendiko Ganadu Azokan. Abereak ikusteko parada izan zen, eta noizbehinka euria egin bazuen ere, ez zuen hutsik egin Elur Txiki elkartekoek egun osorako osatutako egitarauak.

Goiz-goizetik gerturatu zen atzo jendea Elosuko XXXVII. Mendiko Ganadu Azokara. Goizeko bederatzietan azoka ireki zutenetik, autobusez, autoz nahiz oinez, urriaren 12ko ohiturei eutsiz bertaratzen hasi ziren herritarrak Azkoitia eta Bergara artean kokatzen den auzora.

Egun osoko egitaraua prestatu zuten, beste behin ere, Elur Txiki elkartekoek atzokorako. Goiz partean ikusmiran zebiltzan kaletar nahiz baserritar asko, ardiak, behiak, pottokak, zezenak eta zaldiak baitziren protagonistak arropa, bitxi eta janari postuen artean. Nafar Zuztarren kalejirak alaitu zituen bazterrak hamaiketakoaren ostean, eta, ahotsa, bertsolariek jarri zuten. Beñat Lizaso azpeitiarrak eta Eneritz Artetxe azkoitiarrak jarri zizkien melodiak Elosuko mendi ganadu periari eskainitako bertso-sortei. Eguerdian, bazkaria egin zuten plazan, eta, arratsaldean, idien erakustaldia 1.500 kiloko auzoko Bentoste harriarekin. Iluntzean ez zen erromeria falta izan eta, aurtengoan, Laja II.ak eta Lutxurdiok alaitu zuten giroa.

Zalantzarik ez da: tradizioari eusten dion mendi ganadu azokak bizi-bizi eta osasuntsu jarraitzen du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide