Ttipi-Ttapa elkarteko kideak eta Txaro Beobide Katxalin elkarteko lehendakaria txekea eskuartean duela. (Ana Abarisketa)
Iragarri zuten irailaren 26ko
Azkoitiko Bularreko Minbiziaren Kontrako I. Lasterketa solidarioak lortutako arrakasta handia izan zela. Aurreikuspen guztiak beteta, ostiral arratsaldean eman ahal izan zien Ttipi-Ttapa elkartekoek batutako dirua, osorik,
Katxalin elkarteari. Emozioz gainezka jaso zuen Txaro Beobide bularreko eta ginekologiako minbizia duten emakumeen elkarteko lehendariak 9.500 euroko txekea. Prentsaurrekoan parte hartu zuten Azkoitiko Ttipi-Ttapa elkarteko hainbat kidek, tarteko Jose Antonio Zulaika entrenatzaile eta taldearen sortzailea.
Maialen Elortza Ttipi-Ttapako kideak "bihotz-bihotzez" eskertu zien modu batera edo bestera lasterketa solidarioan parte hartu zuten guztiei. Merkatariak eta tabernariak aipatu zituen -diruaz gain 65 sari banatu ziren irailaren 26an-, lasterketan parte hartu zutenak eta, lasterketan atera ez arren, ekarpenak egin zituzten norbanakoak, Azkoitiko Udala, Hitza eta antolakuntzan laguntzen aritu ziren guztiak.
Informazioa eta heziketa
Txaro Beobidek, Katxalin elkartea izan zuen hizpide, eta esan zuen bularreko minbizia pairatzen duten emakumeak "informatzea" eta "hezitzea" dutela helburu, gaixotasuna ahalik eta ondoen ematen ikas dezaten. Aipatu zuen bi bulego dituztela horretarako, bata Donostiako Zarategi ibilbidean -Katxalinen bulegoan-, eta, bestea, Donostia Ospitalean.
Katxalinen epe laburreko helburu da, bularreko minbiziaren inguruko ikerketa bat bideratzea eta horretara bideratuko dituzte Azkoitian Ttipi-Ttapa elkarteak bildutako 9.500 euro.
Ttipi-Ttapakoek Katxalini emandako txekea (Ana Abarisketa)