Irabazi Azkoitia Bai taldeak agintaldiko lehen ehun eguneko balorazioa egin du. Hainbat proposamen egin dituzte, eta horietako nagusiena da Irabazi Azkoitia Baiko bi taldekide EAJ eta EH Bildura bideratzea, batzordeetan parte hartzeko. Taldearen iritziz, udaleko kultura eta euskara arloan «ez daude esperientziadun zinegotziak», eta beraz, Julen Garate taldekidea, EAJko ordezkaria izatea proposatu dute bi arlo horietako udal batzordeetan.
EH Bilduri dagokionez, Urrategi Alberdik eta Jexux Oteizak kargua utzi izana nabarmendu du taldeak. «Herriak horrelako pertsonak behar ditu, herriaren alde eta herritarrekin lan egingo duten pertsonak», dio taldeak. EH Bilduren barruan, eta «batez ere gizarte ekintzan utzitako hutsunea dela-eta», Ana Albizuri taldekidea batzarrretan koalizioaren zerbitzura izatea proposatu dute. Taldeak argi du, hala ere, bozkatzerakoan EAJren eta EH Bilduren «esanetara» egongo liratezkeela bi taldekideok.
Taldeak zinegotzi bakarra du Azkoitiko Udalean; Jose Joaquin Etxaniz.
Hondakinez, etxez etxe
Hondakinen gaiaz ere badu zeresana Irabazi Azkoitia Baik. «Kontzientziazio falta» jotzen dute herritarrek azken hilabeteetan gaizki birziklatzearen arrazoitzat eta, horregatik, «50 bat laguneko taldea» osatzea proposatzen dute, etxez etxe honda- kinen «arazo larria ondo azaldu eta ezjakintasunei erantzun azkarra emateko». Udal talde horren iritziz, «lehenbailehen» antolatu beharrekoa litzateke bilerena.
Agintaldiko lehen 100 eguneko balorazioan gaineratu dute «azkoitiarren zerbitzura» dagoela Irabazi Azkoitia Bai. Diotenez, ez dira talde politiko bat, eta ez dute taldearen «onuran» pentsatzen, herritarrengan baizik.
Azkenik, EAJri eskatu dio gehiago landu dezala parte hartzea: «Aurreko agintaldian aurrerapauso handia eman zen parte hartzearekiko, baina orain ez da lantzen batzordeetan, eta, udal gobernu berriak ez dio garrantziarik ematen».