Hondakinak hizpide, ez dira ados jartzen EAJ eta EH Bildu Azkoitian

Ana Abarisketa 2015eko urriaren 6a

Azken hilabeteetan gora egin du nabarmen edukiontzietan jasotzen den material desegokien kopuruak. EH Bilduk datuak "manipulatzea" leporatu dio udal gobernuari.

Duela pare bat aste «kezka» azaldu zuen Azkoitiko Udalak azken hilabeteetan nabarmen gora egin duelako edukiotzi bakoitzean jasotzen diren material desegokien kopuruak. Urola Erdiko Mankomunitateak osatutako azterketen arabera, organikoaren eta ontzi arinen edukiontzietan gertatzen da hau batez ere, eta, ondorioz, materialak ondo ez banatzeak "kostu handia eragiten dio udalari". Egun indarrean dagoen hondakinen sistema mistoa. (Ane Olaizola) Irailaren 30eko udalbatzarrean azaleratu zen EAJren eta EH Bilduren arteko desadostasuna. Udalbatzarreko gai zerrendan ez bazegoen ere, hondakinen egoeraz galdetu zion alkateari Urrategi Alberdi EH Bilduko bozeramaileak bere azken saioan –Alberdi eta Jexux Oteiza EH Bilduko zinegotziek kargua utzi zuten egun berean–, eta larritzat jo zuen sailkatutako bilketa tasak asko jaitsi izana. Hala, jarraipen batzordea osatzeko eskatu zion koalizioak, talde politiko nahiz herriko eragileak bilduz bertan. Javier Zubizarreta alkateak ezezkoa erantzun zuen, EAJren ustez batzordeek betetzen dutelako hain justu zeregin hori. Zubizarretak esan zuen, Atez Atekoaren Aurkako Plataformarekin eta Zero Zabor taldearekin kontaktuan daudela. Herritarrak birziklatzera animatuz adierazpen bateratua egitea proposatu zion koalizioari Zubizarretak; EH Bilduren iritziz, ordea, ez luke adierazpen bateratuak zentzurik izango jarraipen batzorderik gabe.

Salaketa

Pasa den ostiralean, kezkagarritzat jotzen zuen EAJren jarrera EH Bilduk. Prentsa ohar bidez zioen, udal gobernua "datuak manipulatzen" eta "gezurrak esaten" ari dela. Koalizioaren datuen arabera, hondakin organikoen bilketa 98.000 kilokoa zen martxoan, 93.000koa maiatzean eta 54.000koa ekainean. Uztailekoak eta abuztukoak dira azken datuak, eta ez dira 8.500 kilotik igotzen. Udal gobernuak, berriz, martxoa aipatzen du sailkatutako bilketa tasa behera egiten hasi zen hilabete gisa, maiatzeko udal eta foru hauteskundeen aurretik. EH Bildu prest azaldu da prentsa oharrean "hausnartu" eta "adostasunetara" iristeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide