Nagusia 80ko eraikina aldamioek eusten dute 2009tik. (Ana Abarisketa)
Azkoitiko Nagusia 80 eraikinari eusten dioten aldamioak erostea onartu zuen Azkoitiko Udalak asteazkeneko udalbatzarrean. 50.000 euro bideratuko ditu erosketara, izan ere, alokatuta izan ditu orain arte aldamioak, hilero 6.027 ordainduz. 2005. urtean hustu zuten eraikina udalak aginduta, orduko azterlanen arabera erortzeko zorian zegoelako. Eraikinaren aurrealdea babestutako ondarea da eta, beraz, zaharberritzea da aukera bakarra. Eraikinaren jabeak, Eusko Jaurlaritza eta Azkoitiko Udala daude auzian sartuta. 2009an jarri zizkioten aldamioak eraikinari, eta halaxe jarraitzen du egun.
EAJk eta PSE-EEk proposamenaren alde bozkatu zuten, eta EH Bildu eta Irabazi Azkoitia Bai abstenitu egin ziren. Urrategi Alberdi EH Bildu koalizioko bozeramaileak gogoratu zuen, pasa den maiatzaren 25ean jaso zuela Azkoitiko Udalak epailearen erabakiaren berri, hau da, udal eta foru hauteskundeen biharamunean, eta ondorioz, ezin izan zutela aurreko agintaldian gaia landu.
Nekane Larrañaga, %50ean
Udal bilkuran onartutako beste puntuetakoa da Nekane Larrañaga Festak, Kirola, Kultura eta Gazteria arloen arduna, %50eko jardunean aritzea. Ordainsaria Eudelek finkatutako irizpideen araberakoa izango dela jakinarazi zuen Javier Zubizarreta alkateak, baina ez zuen zehaztu zenbatekoa.
Azkenik, EH Bilduko bozeramaile Urrategi Alberdi eta Jexux Oteiza zinegotziaren dimisioak onartu ziren. Idoia Uranga koalizioko zinegotziak testu bat irakurri zuen, azken urteetan egindako lana eskertuz biei.