Luma dantzan jartzeko abagunea

Ana Abarisketa 2015ko ira. 30a, 00:00

Azkoitiko Kultur Elkarteak aurkeztu ditu Bizenta Mogel ipuin lehiaketaren oinarriak. Urriaren 31 da ipuinak entregatzeko azken eguna. Epaimahaiak azaroaren 29an hartuko du erabakia.Martxan da, beste behin, Bizenta Mogel ipuin lehiaketa. Idazle afiziona...

Azkoitiko Kultur Elkarteak aurkeztu ditu Bizenta Mogel ipuin lehiaketaren oinarriak. Urriaren 31 da ipuinak entregatzeko azken eguna. Epaimahaiak azaroaren 29an hartuko du erabakia.

Martxan da, beste behin, Bizenta Mogel ipuin lehiaketa. Idazle afizionatu eta, oro har, pentsalariek lumak astindu eta euren istorioak plazaratzeko aukera dute urriaren 31ra bitartean. Azkoitiko Kultur Elkarteak antolatzen du urtez urte lehiaketa, Azkoitiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesean.

Lehiaketaren 34. aldia izango da udazken honetakoa. Epaimahaiak azaroaren 29an erabakiko ditu irabazleen izen-abizenak, eta hainbat sari banatuko dituzte: aurrenekoak oroigarria eta 500 euro jasoko ditu, bigarren sariduak 330 euro eta oroigarria, eta hirugarren sarituak, azkenik, 200 euro, oroigarriaz gain. Azkoitiko ipuin lehiaketan hemezortzi urtetik gorako herritarrek parte hartu dezakete. Ipuinak euskaraz kontatzea da ezinbesteko beste baldintzetako bat, eta luzeerari dagokionez, berriz, gutxienez lau eta gehienez hamar orritako lanak izatea eskatzen dute Kultur Elkartekoek. Oinarrien arabera, gainera, orriaren alde bakarretik eta tarte bikoitza utziz aurkeztu beharko dituzte lanak sortzaileek.

Ohi bezala, lan originalak soilik onartuko dira, inon argitaratu eta saritu gabeak.

Gaitzizen bidez

Sorkuntzak Azkoitiko udaletxera bideratu beharko dira urriaren 31 baino lehen. Horretarako gaitzizenarekin izenpetu beharko da, eta, honekin batera, gaitzizen bera daraman itxitako kartazal barruan egilearen datu pertsonalak zehaztu beharko dira, eta bidali honako helbidera: Azkoitiko Udala, Herriko Enparantza z/g, 20720, Azkoitia.

Bizenta Mogel ipuin lehiaketan parte hartzeko erlojupekoa abian da jada; eta, helmuga ordura arte, euskal sortzaileen irudimenean gordeta egongo dira kontatzear dauden istorio eta ipuinak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide