Larunbateko lasterketa solidariorako dena prest dago Azkoitian

Ana Abarisketa 2015eko irailaren 23a

Larunbatean ospatuko da Minbiziaren Kontrako I. Lasterketa Solidarioa Azkoitian, eta guztia prest dute Ttipi Ttapa elkartekoek. Ahalik eta jende gehien batzea da antolatzaileen helburua, bildutako diru guztia Katxalin bularreko eta ginekologiako minbizia duten emakumeen elkartera bideratuko baitute. Lasterketan gizonek eta emakumeek parte hartu dezakete, korrika nahiz oinez eginez ibilbidea. Izena emateko hainbat aukera jarri dituzte. Batetik, Azkoitiko Udaleko webgunean egin daiteke, azkoitia.eus atarian. Izena emateko orria deskargatu, bete, eta ordainketa egin ostean, azkoitikolasterketasolidarioa@gmail.com helbidera bidali behar da eskaera. Bestetik, ostiralera bitartean herriko plazan izango dira antolatzaileak, 17:00etatik 19:00etara, Torre Zuri atarian.

Egitaraua

11:00-17:30. Dortsal banaketa Kontzejupean. 16:00. Lasterketan izena emateko aukera amaituko da. 17:00. Haurren lasterketa, lau urtetik zazpi urte bitartekoentzat. 400 metroko ibilbidea (dortsal berdea). 17:15. Haurren lasterketa, zazpi urtetik hamar urtera bitartekoentzat, 800 metroko ibilbidea (dortsal gorria). 17:30. Haurren lasterketa, hamar urtetik hamalau urte bitartekoentzat, 1.200 metroko ibilbidea (dortsal zuria). 18:00. Helduen lasterketa, hamalau urtetik gorakoentzat. Lau kilometroko ibilbidea. 19:00. Sari banaketa egingo dute. 20:00. Kiroldegian dutxatzeko aukera izango dute bazkideek eta beste herrietako partaideek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide