Aste Solidarioaren barruan Xabier Aierdik hitzaldia eskainiko du

Ana Abarisketa 2015eko irailaren 23a

Aste Solidarioa, iaz. (Miriam Tamayo) Atzo hasi eta larunbatera arte ospatuko dute Aste Solidarioa Azkoitian. Garapenean Bidelagun lelopean, hamaika kontu antolatu dituzte egunotarako. Xabier Aierdik, esaterako, hitzaldia eskainiko du bihar, 19:00etan, Mediterraneoa, inmigrazioa eta errefuxiatuen egoera lelopean. Hitzordua Elkargunean izango da. Egitaraua Aki Kaurismakiren Le Havre filmak ireki zuen atzo, baina ez da aste honetako film bakarra izango. Ostiralean, irailak 25, Emanuele Crialese-ren Terraferma filma botako dute Baztartxon, 22:00etan. Astelehenean, irailak 28, berriro eskainiko dute, 20:00etan. Hitzaldi eta filmeez gain, argazki erakusketa bat ikusteko aukera ere badago aste berezi honetan zehar. Begingo kaleko umeen egoera izenburupean, Torre Zurin egongo dira argazkiak ikusgai, bihar eta etzi –irailak 24 eta 25– 18:00etatik 20:00etara; eta larunbatean, irailak 26, goizeko 11:30etik eguerdiko 13:30era.

Larunbatean, plazan

Larunbat goizean Azkoitian lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeek jarriko dituzte postuak, plazan, 11:00etatik 14:00etara. Urtean zehar egiten duten lana jarriko dute erakusleihoan, herritarrek ikus dezaten. Horretaz gain, iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen arteko harremanei buruzko testua irakurriko dute plazan, 12:00etan. Talde bakoitzak bere ikuspegia azalduko du: aurkeztu diren proiektuen laburpenak, izandako esperientziak, emandako urratsak eta egin nahi dituzten proiektuen berri emanez. Udalaz gain, parte-hartzaileen artean daude: Acoes, Nava Jeevan-Bizi Berria, AMS Mundu Solidarioa helburu, Bidezko Merkataritza, Behar Bidasoa, Mali Elkartasun Taldea, Gazteak eta Garapena, Cendis-Caritas eta The Direct Help Fundation-Kathmandu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide