Mikel Bringas eta Rosa Lizaso Senegal eta Ganbiako bidaian. (Bizibidaiak)
Hamabosgarren edizioa hasiko dute gaur arratsaldean
Azkoitiko Bidaia Tertuliek. Eserlekutik mugitu gabe hamaika bazter ikusteko parada eskaini dute hamarkada luzez hitzaldiok, eskarmentu handiko bidaiarik ekarriz, herritarrak eta herritik kanpokoak.
2001eko udazkenean hasi zuten bidaia propioa Azkoitiko tertuliek. Orduan, Donostiatik Txinarako bidea bizikletaz egin zuten, gaurkoan, —bizikletaz hau ere— Senegal eta Ganbia zeharkatzeko parada izango dute entzuleek,
Mikel Bringas eta Rosa Lizasoren eskutik, 19:30ean, Kultur Etxean. Abenduaren 18ra arte luzatuko dira hitzaldiak: lau guztira, hil bakoitzeko hirugarren ostiraletan denak.
Herritar talde baten bidaia zaletasunetik jaio ziren tertulia saioak, "pentsatzen genuen denok ez dugula izaten bidaiatzeko aukera bera, eta, beraz, interesgarria litzatekeela horrelako espazio bat sortzea», dio Julen Garatek. Garatez gain, Edurne Nuñez, Xabier Larrañaga
Txanton eta Ixaak Agirrek antolatu zituzten Azkoitiko Bidaia Tertuliak hamabi urtez. Duela hiru urte, "nazkatuta" edo "nekatuta", lagatzea erabaki zuten arte. "Baliagarri izan zen guretzat hasiera hartan era jakin bateko pertsonak ezagutzeko, Josu Iztueta edo Jesus Torquemada, esaterako", dio Garatek. "Torquemadak lortu zuen Ipar Koreara sartzea, adibidez, eta interesgarria izan zen entzutea". Bidaiari sutsu eta nazioarteko analista hau behin baino gehiagotan itzuli zen gero Azkoitira, ikastaroak ematera, bidaiariek antolatuta. Garatek mimoz gordetzen duen hizlarietako bat da.
Gipuzkoako Kutxak, gizarte ekintzaren bidez, bidaiariei eskainitako katalogoak argitaratzen zituen, eta katalogo horietatik hautatzen zituzten bisitariak. Kutxaren proiektua bertan bera gelditu zen Kutxabanken sorrerakekin, eta, antolatzaileen artean ere aldaketak izan ziren.
2013an Maurizioko Errepublika izan zuen hizpide Ilazki Goenagak (Hitza)
Duela hiru urte gazte kuadrilla batek hartu zuen lekukoa. Ainhoa Aldalur, Estela Ruiz de Azua, Itziar Beristain, Iban Aranbarri eta Xabier Arenazak dihardute azken hiru urteotan bidaiariak ekartzen. Arenaza duela zortzi-bederatzi urte hasi zen ikusle modura tertulietara joaten. "Bidaia zaleak gara, eta niri gustatzen zait jakitea besteak nola eta non ibiltzen diren; nornerari baliogarri zaiolako gero", dio Arenazak. "Niretzat ostiral arratsaldetan, 19:30ean, afaldu aurretik tertulietara joatea sekulako plana izan da beti".
Entzule fidelak
30 bat lagun inguru biltzen dira tertulietan, 80 bat izatera heldu diren arren. "Entzule fidela dute tertuliek, izakera askotakoak gainera", dio Arenazak, "jende asko zain-zain egoten da". "Bakoitza non jartzen den ere badakigu", gehitu du Garatek.
Euren bidaiak partekatzera herritar gehiago animatu omen dira azken urteetan. "Hasieran asko kostatzen zitzaigun herritarrak erakartzea, baita emakumeak izatea ere". Lau hitzaldietatik bi emakumeek ematen saiatu izan dira beti antolatzaileak, ahalik eta saio anitzenak izateko.
Azken hamabost urteotako bidaiarien bilakaeraz, teknologia aipatzen du Arenazak. "Aurretik informazioa biltzeko erraztasun handiagoak ditugu orain; Google Street View-ren bidez dena ikus dezakegulako", gehitzen du Arenazak. "Hor ikusten da bi belaunaldien arteko desberdintasuna", dio Garatek, "guretzat horrelakoak pentsaezinak baitziren".
Azkoitiko Bidaia Tertulietako kide izan nahi dutenek, edota euren bidaiak herritarrekin konpartitu nahi dituztenek
azkoitikobidaiariak@hotmail.com helbide elektronikora idatzi dezakete.