LH4 eta LH6 maila arteko gaztetxo eta gurasoekin bilera deitu dute ostiralerako, 19:00etan, ludotekan. Hezitzaileen helburua da «nerabezarora bidean gaztetxoen bidelagun izatea».
Ez dira ez nerabeak, ez haurrak. Denbora luzeko gogoetatik jaio da hamar eta hamabi urte bitarteko gaztetxoei herriko ludoketan, Elkarguneko Abarketatxon, espazio propioa eskaintzeko ideia. Horretarako, ostiraletan, adin tarte horretako gatetxoei espazio propioa eskaini nahi diete ludotekan bertan, 17:00etatik 19:00etara. Egitasmoa gaztetxoei beraiei eta gurasoei azaltzeko bilera irekia egingo dute ostiralean, irailak 18, Abarketatxon bertan, 19:00etan.2015-2016 ikasturteko egitasmo berria azaltzeko prentsaurrekoa eskaini zuten pasa den ostiralean Abarketatxo ludotekan. Pello Larrañaga Azkoitiko Udaleko Gazteria teknikariak azaldu zuenez, beste herri batzuetan Zumaian esaterako jarri dute ekimena dagoeneko martxan, «arrakasta handia lortuz». Beti ere gaztetxoen autonomia errespetatuz, helburu dute parte hartzea, elkarbizitza eta giza baloreak sustatzea, Abarketatxo ludoteka «nerabezarora bidean bidelagun» izan dezaten.
«Badakigu espazio hau haurrentzako prestatuta dagoela; beraz, pentsatu dugu hamar eta hamabi urte bitarteko gaztetxoek beraiek egokitu dezaketela gela, beraien gustura», azaldu zuen Amaia Etxaniz ludotekako hezitzaileak.
Egunak eta ordutegiak
Azkoitiko Abarketatxo ludotekak lau urtetik hasi eta hamazazpi urte bitarteko adin tarteko haur eta gaztetxoekin lan egiten du. Bi hezitzaile izaten dira bertan lanean: Lore Elortza eta Amaia Etxaniz. Eta, iaz, 160 gaztetxo inguru jaso zituzten bertan, adin tarte guztietakoak. Azkoitiko ludoteka 2003. utean jaio zen, eta 2010ean lekualdatu zuten Elkargunera.
Ikasturte berriko ordutegiei dagokionez, honakoa izango da aurrerantzean: HH04 eta HH05ko ikasleak astelehen eta asteazkenetan; LH1 eta LH3 bitartekoak, astearte eta ostegunetan eta LH4 eta LH6koak, ostiraletan. Guztiek ordutegi bera dute, 17:00etatik 19:00etara. Informazio gehiago nahi duenak 943-083 800 edo 652-720 752 zenbakira deitu dezake, edo abarketatxo@gmail.com helbide elektronikora idatzi.