Bularreko minbiziaren kontrako lasterketa egingo dute hilaren 26an

Ana Abarisketa 2015eko irailaren 15a

Azkoitiko proba solidarioan gizonek zein emakumeek parte har dezakete. Ttipi Ttapa elkarteak antolatu du, eta irabazi guztiak Katxalin elkartera bideratuko dituzte.

Azkoitiko emakume talde batek Minbiziaren Kontrako I. Lasterketa solidarioa antolatu du irailaren 26rako, larunbata. Lasterketan gizon eta emakumeek hartu dezakete parte, ahalik eta parte-hartzaile gehien izatea baita antolatzaileen helburua, hain justu. Bildutako diru guztia Katxalin bularreko eta ginekologiako minbizia duten emakumeen elkartera bideratuko dute. Guztira lau kilometroko ibilbidea prestatu dute: Azkoitiko plazatik abiatu eta, herriko gune nagusietatik igaro ostean, –Altzibar, Aizkibel Udal Liburutegia, Ibai Ondo kalea eta Plaza Berri–, berriro plazan helmugaratuko dira. Hitzordua 18:00etan izango da, eta korrika nahiz oinez egin daiteke ibilbidea. Azkoitiko Ttipi Ttapa elkarteko kideak, lasterketa solidarioko kartela eskuartean dutela (Ana Abarisketa) Helduen lasterketaz gain, gaztetxoek ere izango dute parte hartzeko aukera, beste hiru saio antolatu baitituzte: lau urtetik hasi eta zazpi urte bitartekoentzat aurrenekoa, zazpi urtetik hamar urte bitartekoentzat bestea, eta, hamar eta hamalau urte bitartekoentzat azkena. Lehendabiziko lasterketa arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Gaztetxoenek plazan hasi eta eliz ondotik itzuliko dira plaza nagusira berriz, 400 metroko ibilbidea egin ostean. Bigarren taldeak bi buelta emango dizkio zirkuitu berari, 800 metro guztira, eta, hirugarren taldeak, 1.200 metroko ibilbidea izango du aurretik. Horretarako, lau eta zazpi urte bitartekoentzat prestatutako itzulia egiteaz gain, Plaza Berritik Ibai Ondo kalea zeharkatuz itzuli beharko dute plazara. Umeen lasterketa arratsaldeko 17:00etan hasiko da, eta, helduena, ordubete beranduago, 18:00etan. Lau kilometroko ibilbidea oinez edo korrika egiteko aukera dago kasu horretan.

Izen emateak, zabalik

Dagoeneko posible da bularreko minbiziaren kontrako lasterketan izena ematea, eta hiru aukera daude horretarako. Batetik, Azkoitiko Udaleko webgunean egin daiteke, azkoitia.eus atarian. Izena emateko orria deskargatu, bete, eta ordainketa egin ostean, azkoitikolasterketasolidarioa@gmail.com helbidera bidali behar da eskaera. Xehetasun guztiak izen emate orrian bertan daude ikusgai. Beste aukera da, udaletxeko harreran bertan izena emateko orria eskatzea. Azkenik, antolatzaileak Torre Zuri erakusketa areto aurrean izango dira, irailaren 21etik 25era, 17:00etatik 19:00etara. Izena aurrez emanez gero, gaztetxoek hiru euro ordaindu beharko dituzte, eta, helduek, zortzi. Egunean bertan ere posible izango da, hamabi euroren truke. Katxalin elkarteaz gain, Gurutze Gorria, Azkoitiko Udala eta Xeye Atletismo Taldea daude babesleen artean.

Ttipi Ttapa, kirola emakumeen artean sustatzeko

Emakumeak korrika egitera bultzatzeko nahitik jaio zen Azkoitian iaz Ttipi Ttapa elkartea. Ordutik ez dira gelditu, eta astean bizpahiru aldiz elkartzen da emakume taldea Jose Antonio Zulaikaren gidaritzapean korrika egiteko. Maila guztietako korrikalariak daude taldean, eta helburu nagusia da korrikaz gozatzea taldeak ematen duen giro ederrean. Astearte eta ostegunetan, goizez 10:00etatik 11:00etara edo, arratsaldez, 18:00etatik 19:00etara elkartzen dira; zapatuetan, berriz, 09:00etatik 10:00etara. Azkoitiko Elkarguneko bazkideek 35 euro ordaindu behar dute hiruhilean, bi entrenamenduren truke. Korrika saioaz gain, mantentze lanak egiten dituzte, 20 minutuz, kiroldegian bertan. Irailaren 22an hasiko dituzte saioak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide