Iraurgi Abesbatzako hainbat kide, erdian, udal ordezkariekin batera, atzo, Azkoitiko plazan (Ana Abarisketa)
Carmina Burana obrako abestiak entzuteko aukera izango da irailaren 26an Azkoitiko Baztartxo antzokian. Azkoitiko Iraurgi Abesbatza eta Arrasateko Goikobalu Abesbatza batuko dira aurreneko aldiz, Carl Orff (Munich, Alemania, 1895) musikagile alemaniarraren lanik famatuena herritarrengana ekartzeko. 20:00etan izango da hitzordua, eta sarrerak gaurtik daude eskuragarri, 10 euroren truke, udaletxeko Kultura Sailean, Amaitz liburu dendan, Olaberri tabernan eta Bizkargi Musika Eskolan. Egunean bertan Baztartxon ere eskuragarri egongo dira.
Azkoitiko udaletxean eman zituzten atzo Carmina Burana-ri buruzko azalpenak. Iñaki Maidagan arrasatearra da obraren zuzendaria, eta, Iraurgi eta Goikobalu abesbatzetako zuzendaria. Hain justu, bi abesbatza hauetako kideek eta Bizkargi Abesbatzako gaztetxoek hartuko dute parte ordubete pasatxo iraungo duen saioan. Guztira, 160 lagun inguruk osatuko dute korua; 60 gaztetxoak dira.
Saioan hiru bakarlari profesional ere ariko dira: Ainhoa Garmendia soprano donostiarra– Alemaniako Leipzig hirian bizi da egun–, Cesar San Martin madrildarra eta Xabier Anduaga tenore donostiarra, Donostiako Orfeoiko kide izandakoa. 160 lagun horien ahotsei lagunduko diete pianoarekin Rakel Murgiondok eta Arturo Goikoetxeak.
Oso pozik azaldu ziren atzo parte-hartzaileak. Maidagan zuzendariak adierazi zuenez, geroz eta herritar gutxiagok parte hartzen du abesbatzetan, baina Carmina Burana lanerako, abesbatzetako kide ohien parte hartzea lortu dute. Pasa den otsailean hasi ziren Iraurgi Abesbatzakoak entseguekin. Kideetako batek aitortu zuenez, prestaketa lanak «gogorrak» ari dira izaten, obra bera konplexua delako, baina gogotsu daude eguna iristeko. Nekane Larrañaga zinegotziak, berriz, herritarren parte hartzea eta Azkoitiko Udalaren eta abesbatzen arteko «lankidetza» nabarmendu zuen.