57 parte-hartzaile izango dira Azkoitiko rallyan, larunbatean

Ana Abarisketa 2015eko irailaren 1a

14:30ean hasiko da Azkoitiko VII. Rallysprinta, Olaso auzoan. Errebueltie Motor Kirol Klubak antolatu du proba, eta sarrera 10 euro kostako da.

VI. Rallysprint probako une bat, Azkarate parean(Isidro Arrieta) Sei urteren ondoren itzuliko da Azkoitira VII. Rallysprinta. Urte luzez geldirik egon ostean, sortu berri den Errebueltie Motor Kirol Klubak antolatu du larunbateko hitzordua. Urte eta erdi-bi urte inguru eman dituzte prestatze lanetan Ion Zubiaurre kideak azaldu duenez. "Kosta egiten da horrelako lasterketak antolatzea", dio rally afizionatu honek. Ez da, hala ere, larunbateko 57 parte-hartzaileen artean izango bera: "Antolatzaileok ez dugu proban parte hartuko, guk bidea ondo ezagutzen dugu eta ez litzateke bidezkoa izango", dio. 57 kirolari horien artean 15 dira eskualdekoak. Eguerdiko 14:30ean aterako da aurreneko kotxea, Olaso auzotik, eta Madariagatik jarraituko du ibilbideak Duke baserrian amaitzeko. Errepidea ordubete lehenago itxiko da ibilgailuentzat, eta proba hasi baino ordulaurden aurretik oinezkoentzat. Sarrera 10 euroren truke izango da. Hamaika kilometrotako ibilbidea izango du probak, eta hiru txanda izango ditu. Probak Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketetarako puntuagarriak izango dira.

Araudia betetzeko deia

Autoak herriko plazan egongo dira ikusgai lasterketa hasi aurretik, hau da, 14:00ak arte, eta, arratsaldean, 19:00etatik aurrera. 20:00ak aldera izango da sari banaketa, plazan, eta guztira 2.000 euro banatuko dituzte saritan. Azkoitiko VII. Rallysprintak udalaren eta herriko tabernarien laguntza jaso du, eta 100 boluntario ariko dira lanean. Antolatzaileek ostiralean zintekin markatuko dute ibilbidea. Hala, zinta gorriz inguratutako guneetan kokatzea debekatuta egongo da. Segurtasun neurriak errespetatzeko eta ingurugiroa zaintzeko eskatu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide