Horrillo, Albizu eta Ugarte, lehen hiru sailkatuak. Haien ondoan, Jokin eta Markel, sari-banatzaileak. (E. Albizu Lizaso)
Joseba Albizu azpeitiarrak irabazi du Martirietako igoera gaur, larunbata. 11 minutu eta 28 segundo behar izan ditu 3,7 kilometroak egiteko, eta ondu egin du duela bi urte berak jarritako marka. 11 minutu eta 30 segundoko denbora zen orain artean onena. Daniel Horrillo azkoitiarra izan da bigarren sailkatua, 12 minutu eta 24 segundorekin; eta Mikel Ugarte oñatiarra, berriz, hirugarrena, 12 minutu eta 30 segundoko denbora eginda. Bestalde, Gaizka Gonzalez Azkoitian bizi den zumaiarra izan da lehen kilometroko sariaren irabazlea, txuleta bat eraman du hark etxera.
50 lagunek parte hartu dute Jokin Ormaetxea txirrindulari elkarteak antolatutako lasterketan. Eguraldia ilun samarra izan bada ere, atertu egin du lasterketarako, eta probaren ordutegia errespetatu du giroak. Txalon Errekatik hasi dira ziklistak; eta, behin Martirietan, guztiek merienda egin dute. Ondoren izan da sari-banaketa, eta antolatzaileek prestatutako sariak ere zozkatu eta banatu dituzte.
Gaur bezala, Andramari jaiak baino astebete lehenago egin dute azken urteetan Martirietako igoera. Abuztuaren 14an, ostiralean, jokatuko dute jubenilen Jokin Ormaetxea lasterketa, txupinazoaren aurretik.
Honakoa da gaurko ziklisten argazki bilduma: