Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hitzordua 17:00etan da, herriko plazatik abiatuta. Izena aurrez eman daiteke Zurt, Ttakun eta Koxka tabernetan, edo larunbatean bertan, plazan. 3,7 kilometroko ibilbidea du probak.
Andramari jaien atarian jokatuko dute, beste behin, Martirietako Igoera. Jokin Ormaetxea Txirrindulari Elkarteak antolatuta, 3,7 kilometroko ibilbidea prestatu dute larunbaterako. Arratsaldeko 17:00etan elkartuko dira herriko plazan, eta Txalon Erreka auzorako norabidea hartuko dute txirrindulariek. Izan ere, Txalon Errekatik hasiko da igoera kronometratua, Martirietan amaitzeko.
Izena doan eman daiteke, eta zabalik dago horretarako aukera Zurt, Ttakun eta Koxka tabernetan. Beste aukera da, egunean bertan ematea izena, larunbatean, 16:00etatik 16:45ak bitartean, herriko plazan.
Badira hamabost urte proba hau egiten hasi zirela, eta txirrindulari dezente batzen ditu bizikletaren bueltan. Hala azaldu dio Hitzari Jokin Ormaetxea Txirrindulari Elkarteko kide Jokin Sudupek. «Jende askok hartzen du parte proban eta poztekoa da hori». Iaz, esaterako, 70 lagunetik gora gerturatu ziren Azkoitira. Joseba Albizu azpeitiarra da orain arteko denborarik onena duen txirrindularia, 11 minutu eta 30 segundotan amaitu batzuen proba duela bi urte. Larunbatean Martirietako Igoeran izango da azpeitiarra beste behin, denbora hautsi nahian.
Sariak, herritarrekin
Hasiera batean Andramari jaietan egiten zen proba hau, abuztuaren 17an, hain justu, baina orain urte batzuk, data aldatzea erabaki zuten antolatzaileek. Ahalik eta parte-hartzaile gehien erakartzearren, jaien aurreko zapatuan jokatzeko erabakia hartu zuten elkartean.
Norgehiagoka irabazten duenak garaikurra jasoko du, eta beste parte-hartzaileen artean, berriz, sariak zozkatuko dituzte. Herriko hainbat taberna, denda eta jatetxetako opariak banatuko dituzte. Amaitzeko, askaria izango da denentzat.
Abuztuaren 14an, berriz, VI. Jokin Ormaetxea jubenil mailako txirrindulari lasterketa jokatuko da urtero bezala. Txupinazo aurretik izango da hitzordua, eta, soilik federatutako gazteek lehiatu ahal izango dute lasterketan. Plaza Berrin amaituko da.