Azken urteetako obrak batuz jarri du bere azken erakusketa Udane Juaristi artista azkoitiarrak Nafarroa Behereako Lekunberri herrian. Edertasunetik libertatera joan-etorriko bidea da erakusketaren izenburua, eta, abuztuaren 23a bitartean egongo dira artelanak ikusgai. Bisitariak, B eta B galeria aurkitu beharko du, zehazki, Begiristain-Baixas familiak ireki berri duen Thomaseria Etxea. Arte espazioa ostiraletan, larunbatetan eta igandeetan izango da zabalik, 10:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 19:30era.Udane Juaristik HITZAri azaldu dio teknika mistoko obrak jarri dituela Lekunberrin ikusgai. «Paisaia urbanoak dira eta bolumenak puztu ditut», bestelako materialekin ere probatu du hainbat lanetan, egurrarekin esaterako. 35 koadro inguru daude guztira Lekunberrin eskegita, eta, aurten eta iaz sortutako lanak dira oro har, duela lau urte egindako batzuk ere badauden arren.Juaristi gustura dago erakusketarekin. Duela hilabete batzuk Thomaseria Etxekoak jo zuen beregana orduan Donostian ikusgai zuen beste erakusketa batean zela, eta, bertan eman zion Lekunberriko espazioa estrenatzeko aukera. Izan ere, azkoitiarraren obrekin zabaldu da aurrenekoz galeria. B eta B arte galeriaren nahia da emakumeen arte sorkuntzari leku propioa ematea.
Galeriako hormetako artelanak, berriz, Igor Rezola artistak egindakoak dira.
B eta B arte galeria, kanpotik
Datorrena, Azkoitian
Artista azkoitiarrak ez du etenaldirik izango datozen hilabeteetan. Lekunberriko erakusketa bukatu eta bizpahiru astera, irailaren 21ean, zehazki, Azkoitian bertan jarriko du erakusketa. Khamar saharar herriaren aldeko taldearekin elkarlanean sortutako lanak izango dira ikusgai, urriaren 4ra arte.
Pasa den maiatzean Azpeitiko Betharram aretoan jarri zuen erakusketa elkarlanean, eta, orain, Azkoitiak hartuko du lekukoa. Azaldu duenez, saharar herriaren inguruko hainbat koadro eta altzari ikusi ahalko dira. Guztiak dira Juaristik landutakoak.
Koadroez gain, beste hainbat formatu probatzen ari da azkenaldian artista azkoitiarra, ehun-gaiak ere lantzen baititu. Kamisetak, jertseak, poltsak, mahai kutxak, aulkiak eta patinak estanpatu ditu, besteak beste. Guztiak daude ikusgai bere webgunean: www.udatxo.com atarian.
Teknikaren etengabeko eraberritzea da Udane Juaristik aipatzen duen beste puntua. «Ogibide honetan eraberritzeari behar -beharrezkoa» irizten dio. Eta horretan dabil buru-belarri azkoitiarra.