(Ane Olaizola)
Azkoitiko udal gobernuak eman du lehen urratsa errefusa biltzeko posteak kentzeko. Herenegun arratsaldean egindako ohiko bilkuran onartu zuten proposamena EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk kontra bozkatu zuen, eta Irabazi Azkoitia Bai abstenitu egin zen. Errefusa txipdun edukiontzietan biltzea da udal gobernu berriaren asmoa, eta horretarako Urola Erdiko Mankomunitateari eskatuko die sistemaren aldaketarako beharrezkoa den azterketa teknikoa eta ekonomikoa gauzatzea, beti ere, hondakinen birziklatze tasa %70ekoa izateko.
Posteak kendu eta egun pixoihalentzat dauden edukiontziak errefusarentzat erabiltzea da udalaren asmoa. Aurretik mankomuntitateari dogokio sistema aldaketak suposatuko lukeenaren inguko txostena osatzea.
Urrategi Alberdi EH Bilduko bozeramaileak plenoan salatu zuen jarraipen batzordea kendu dutela eta gainera aldaketaren inguruko txosten teknikorik ez dagoela. Eta proposatu zuen errefusa biltzeko posteak kendu aurretik sistema berria probatzea, aurrerago kentzeko aukera badagoela gaineratuz. "Sistema hau martxan jarri zen, denboran aurrera egin ahala sailkatze datuak hobetzen joateko", esan zuen Alberdik. EH Bildurekin bat egin zuen Irabazi Azkoitia Baiko ordezkari Jose Joaquin Etxanizek, eta momentuz posteak ez kentzearen aldeko agertu zen. Bestelako iritzia eman zuen PSE-EEko buru Miguel Reimundezek, "lehentasuna" iruditzen baitzaio posteak kentzea. Hondakinen banatze sistemari buruz egindako herri galdeketa ekarri zuen gogora, herritarrek hala erabaki zutela argudiatuz. Azkenik, EAJko Miguel Angel Bastidak hartu zuen hitza, eta "aurrerantzean guztien iritziak kontuan" hartuko dituztela esan zuen.
%70ari eustea
Udalak atzo banatutako prentsa oharrean jakinarazi zuen Azkoitian ezarritako helburua dela %70eko birziklatze tasari heltzea. "Arrasate edo Tolosa bezalako herriek edukiontzi sistema bidez aise gainditu dute portzentaje hori, %78era eta %76,5era iritsiz". Zentzu horretan, hondakinen bilketa sistema egokiena aukeratzeko eskubidea duela gaineratu zuen.
EH Bilduk banatutako oharrean, berriz, 2013ko uztaileko udalbatzak –PSE-EEk ezik beste guztiek alde bozkatu zuten– onartutako akordioa gogorazi zion EAJri. "Orduan onartu genuen hondakinak sailkatzea derrigorrezkoa izango dela, bildutakoaren kalitatea bermatuko dela, errefusari ateak itxiko zaizkiola eta sailkatze maila %70ekoa izango dela. Bi urteren epean %80-85era helduko ginela adostuz".
Hondakinen gaia alde batera utzita, udalak auzi jardunbideetarako duen abokatua eta prokuradorea izendatzeko ahalmena alkatearen esku uzteko proposamena onartu zen EAJ eta PSE-EEren botoekin. Azkoitia Lantzen-ek Azpeitiko epaitegian irekita duen auzian eragingo luke aldaketa honek. EH Bilduk eta Irabazi Azkoitia Baik proposamenaren kontra bozkatu zuten.